Inguruko norbaitek esan zidan behin, aspaldi, ez zuela poesia maite. Aspergarria zela. Ulergaitza. Luze eztabaidatu genuen. Kontu-bueltan korapilatuta, gogoan dut amaieran zer esan nion: nik bidaliko dizut egunero poema ulergarri bat.
Urteak pasatu dira. Goizeroko zeregin atsegina bilakatu zait poesia bilatze hori. Batzuetan irudipena daukat lagunaren ukazio hura ariketa neurekoierako aitzakia izan zela. Hasierako lagunak gogoratuko ote du bera izan zela soka luzea ekarri duenaren pizgarri? Dozena bat ginen hasieran, dagoeneko berrogeita hamar bat gara. Batzu-batzuetan jasotzaileek zeozer esaten dute, baina, orokorrean, isilik daude. Publikoan. Uste dut gustura jasotzen dutela eguneroko poema. Angel Gonzalezen Hura maitasuna zen poemak zeresan luzea eman zuen. «Esan nion: / zure begiek liluratzen naute / eta berak esan zuen / bakarrik ala rimelarekin gustatzen zaizkizu? / Handiak, erantzun nuen zalantza izpi barik / Eta zalantza izpi barik ere / begiok plater batean utzi eta haztamuka joan egin zen». Nazkagarria zela esan zidan batek, eta solasa hainbeste desbideratu zen, begiek izozgailuan amaitu zuten. Denbora igarota hasiera haietako inork ez dit onartu poesia gozagarria izan litekeela, atsegina eta ulergarria. Goiz batzuetan poema bidaltzen dudanean neure buruari galdetzen diot poesia taldean mezua irakurri barik ezabatu egiten duenik gelditzen ote den. Inork beste ezertarako erabiltzen ote dituen; agian sedukziorako, solasaldi batean botatzeko, edota euren poesia bilduma propioa egiten ari ote diren.
Aitortu behar dut ni banabilela horretan; urtetan bidalitako horietatik gehien gustatzen zaizkidanekin. Noizean behin berriz irakurtzen ditut, poema liburua balitz bezala. Ez dut gogoratzen zerk bultzatu ninduen gustatu zitzaidan poema hori aukeratzen, eta ziur nago horren hautatzeak beste batzuen baztertzea ekarri zuela. Baina ez al da hori bizitza?

LARREPETIT
Egunerokoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu