Blanca Urgell
LARREPETIT

Elefanteak eta gu

2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskadi Irratian entzun dut EAEn 2020-2022 artean jaio ziren nesketan izenik ohikoena Ane dela. Aise aurkitu dut Eustat-en 2006ko berri bat «Iker eta Ane dira oraindik izenik ohikoenak» izenburua daramana. Artean mutiletan Markelek hartu du Ikerren lekukoa, baina ez nesketan: berdin omen gabiltza noiztik eta 1996tik. Gutxi falta bide dugu emakume guztiak Ane izenekoak izateko.

Ez nabil txantxetan (umetan asko ginen Blanca: gaiak ukitzen nau). Izen bera jartzeko joera handi hau gizarte-arrazoiei egotzi behar zaie, antza denez; aldiz, berezkoa omen dugu norbanako bakoitzaribere izena emateko gaitasun unibertsal eta aparta.

Tximinoen gaineko ohiko dokumentaletan 'harraparia dator' esanahia bide duen deia oihukatzen ikusi ditugu denok, bat hasi eta gero besteak, adarretan jauzika. Alabaina, deiok sortzetikakoak omen dira, ez ikasiak. Bistan da umeek hotsak eta hitzak ikasten dituztela, ordea. Espezie gutxik omen dute hotsak ikasteko gure gaitasuna.

Delfin ezagunenak (Tursiops truncatus) eta papagai batzuk haien deiak imitatuz zuzentzen omen zaizkie euren kideei, kide bakoitzak sarrienik egin ohi duen dei-modua errepikatuz, alegia. Gizakiok, aldiz, lotura arbitrario bat, abstraktu bat egiten dugu izenaren eta izendatuaren artean, haren ezaugarriekin batere zerikusirik ez duena.

Elefanteek «kontaktu-orroak» egiten omen dituzte batak bestea ikusterik ez dutenean, deitzeko alegia, eta «agur-orroak» bananduta egon eta gero berriz gertu daudenean. Bada, berriki frogatu da taldekide bakoitzari bere orro-modua egiten diotela eta, jakina, bakoitzak badakiela deia beretzat denetz.

Gutaz gainerako animaliak gugandik sekula uste izan dena baino gertuago daudela ikasten ari gara XXI. mendean, eta haien bitartez gero eta gehiago geure buruaz. Ze pena gutaz gainerako animaliek sekula egingo ez lituzketen sarraskiak egiten jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.