Iñigo Aranbarri.

Entzungailua

2025eko ekainaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da horren aldrebesa Madrileko erkidegoko presidentea den Isabel Diaz Ayusoren arrazoibidea: denok gazteleraz badakigu (espainiera dio berak), zertara dator itxurakeria hau, arestian, ekitaldi ofiziala hasi aurretik hizkuntza horretan aritu izan badira berarekin, zertara gero bakoitza gogoak emandako horretan tematzea? Denok etxe berean bagaude (horra bere omenalditxoa Arestiri urteurrenean: nire aitaren etxea Espainia da), zergatik jokaera zuztarbako hau? Berak ere maite duela etxeko aberastasuna, ondo dagoela agurretarako eta abarretarako, baina absurdoa dela entzungailua erabili beharra denen artean ardura handiko gaiez solasteko.

Ez da bereak eta asto beltzarenak entzun gabe geratu. Ohikoa duen moldearen aldean suhar mintzatu zaio Pradales lehendakaria; Illa kataluniar presidentea ez da gorde; espainiar tropa atera da askotasun linguistikoaren fabore, errespetu eza leporatu diote Lady Quironi. Ez seguru asko hark esandakoarekin bat ez datozelako, ezpada Ayuso, egun, Trump, Milei edo Putin bezain etsai karikaturizatua dutelako.

Anartean, zozoturik eta sorgor begira euskalduna. Hamaika egoera bizi izango baititu gaur-biharretan, Ayusok dioen maila sinbolikotik harago aritzen utziko ez diotenak. Batzuetan presidente berotuen administrazioa bera izango da (izan polizia, bulegari edo telefono bestaldeko ahots); besteetan, telebistan ikusi orduko Ayuso putatik gora jartzen ari diren horietarik; eta bestela, gu geu guhaur, mendez mende landutako autozentsura errespetuz beteaz geure ahotsa itoz.

Ez dakit ez ote nagoen Ayusorekin. Utikan entzungailua! Nik ere ez dut nahi uneoro itzul nazaten, nor izateko etengabean espainieratzera kondenatua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.