Hedoi Etxarte

Erlaitza

2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dago begirada inozorik eta ez da egon lehenengo begiradarik. Gogoetatxo hori iltzatu zitzaidan atzoko hondartza egun hodeitsuan Lapurdin. 

Alegia: amildegi bat ikusten nuen itsasbazterretik, Getaria hegoaldeko hondartza harridunean CRS soroslea ez zen oraindik iritsia baina ur ertzean palekin jolasean ari ziren andreei ez zitzaien axola. 

Zalantza begian markatu zitzaidan: ikusten nuena ederra irudituko litzaidake buruak segituan ederrak zirela katalogatuta zeuzkan antzeko tokietara eramango ez banindu? Zumaiara, Sky uharteen kostaldera, Ingalaterra hegoaldeko itsasertzera, Galiziako Costa da Mortera, Hendaiako hondartzako muturrera. Baina, bereziki, ez ote zuten erlaitz horiek denek Caspar Friedrichen Izotzezko itsasoaren balidazioa jaso?

Bitxia da, Wikipedian begiratuta jakin dut koadro hura osatu eta hamasei urtera, Friedrich hil zenean, oraindik ez zuela saltzea lortu. 

Gaur egun maisulantzat dugun hori, begirada baldintzatzen digun irudia aurrenekoz ikusi zutenek, akaso, ezingo zuten genealogia batean, konstelazio batean, sartu eta ez zuten aintzakotzat hartu. 

Iluntzean jabetu nintzen bezperan hogei urte pasatu zirela gure aitatxi hil zenetik. Hark erakutsi zigun Noaingo akueduktua begiratzen, jabea suizidatu zitzaion zakurraren pasadizoarekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.