Maider Galardi

Erreakzioa

2025eko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elhuyar hiztegiari galdetu diot erreakzioa hitzaren euskarazko adiera «jatorragorik» baduen. Erantzun eman dit makinak. Ulertzen dut zer esan nahi duen, baina zehatzagoa izan dadin nahi dut nik. Erreakzionario-ren aldaera bat eskatu diot. Atzerakoi eman dit oraingoan hiztegiak. Erantzun al daiteke atzeraka? Erantzun al daiteke atzeraka eta euskaraz?

Pasa den astelehenean Telesforo Monzon Laborategiak Bilbon elkartu gintuen azken Naziometroaren emaitzen gainean hausnartu genezan, eta agerian geratu zen euskal gizarteak baduela erreakzionarismoarekiko kezka bat, besteak beste, jendeak inguruan nabaritzen duelako mezu arrazista, transfobo, misogino eta abarrak areagotzen ari direla eguneroko elkarrizketetan. Galdetu ziguten, halaber, ea abertzaletasun erreakzionario bat aurreikusten dugun agenda politikoan sartzen. Zintzoak bagara, faxismoak eta nazionalismo supremazistek XX. mendearen hasieran izan zuten lotura ebidentea da, eta, egun ere, horren arrastoak sumatu ditzakegu ultraeskuin garaikideetan. Bien bitartean, logika horretatik kanpo kokatzen diren abertzaletasun ez-hegemonikoak eta ezker subiranistak berrasmatu dira, harik eta oraingo olatu honekin batzuek XX. mendearen hasierara atzera egin duten arte. Eta bai, euskara jatorrean ere bai. Ez baita gauza bera abertzaletasun erreakzionarioa ala abertzale erreakzionarioak existitzea. Eta lehenengoaren aurrean optimistagoak bagara ere, ezin dugu ukatu abertzale erreakzionarioek gero eta lasaitasun gehiagorekin agertzen dutela beren burua, baita ezkerrekoak direla dioten horiek ere. Izan klasean ikasleen aurrean, izan sare sozialetan edota hedabide publikoetan. Izan irakasle, izan coach, izan Segurtasun sailburu. Noizbait beren burua abertzale gisa aurkeztu duten eta ziur bere burua jatortzat duten hiru gizonezko entzun ditut azken astean transfobia, kapazitismoa, misoginia eta arrazakeria lau haizeetara zabaltzen euskaraz. Eta batzuek mezu horiei galga jarri dioten arren, beste asko datorrenari so gertu dira, ohartu gabe jada datorren hori gure artean daukagula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.