Bihurguneetara ohituegi, bide zuzena hartzea kostatzen zaie asko eta askori, ibilgailua kontrolatuko ez duten beldurrez, gehiegizko abiadura hartzeko beldurrez. Badira, ordea, bihurguneekin atoan, berehala zorabiatzen direnak, eta aukeran bide zuzenetik joatea nahiago dutenak, abiaduraren beldurrik gabe. Errepidean legez, bizitzan bertan ere bai. Badira lehenago heltzeko beti saihesbideren bat aurkitzen dutenak, edo saihesbide bila etengabe galduta bizi direnak. Egunotan, hainbat aparkaleku hustuko dira, eta errepideak era guztietako ibilgailuz beteko dira eta era guztietako gidari eta bidaialagunez. Dagoeneko helmugara iritsi direnak edo iristear daudenak ere badira.Bide lasaia aukeratuko dute batzuek, denboran luzeagoa izan arren, eta biderik laburrena, azkarrena aukeratuko dute beste batzuek, edota berez luzea dena laburtzen ahaleginduko dira, bizitza bera ere laburtzeko duten arriskuari entzungor eginez. Gidatzerakoan ere nor den erakusten omen du bakoitzak, kasu askotan egunerokotasunean gordea duten ezkutuko ni hori erakutsiaz. Eta hainbat kasutan lasaitzeko behar zuen bidaia egunerokotasuna bera baino estresaren menpeakoago bihurtuko da. Egin beharraren egin beharraz, ikusi beharraren beharraz, kontatu beharraren beharraz, segundo bakarra galtzea bekatua balitz legez. Bidean paisaiaz eta konpainiaz ere gozatu daitekeela ahaztuta, garrantzitsuena heltzea bera dela ahaztuta, garrantzitsuena gozatzea dela ahaztuta, atseden hartzea.
Batzuk bueltan datoz, aspaldi utzitako errepidean barrena, gertukoak besarkatzeko ilusioz. Beste batzuk abentura bila, leku berri bila, eguzki bila, zer kontatu bila, deskonektatzeko leku bila... Eta topo egingo dute bidean edota talka egingo dute. Norantza eta norabidea ere nahasten diren errepide anitz horretan.

LARREPETIT
Errepidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu