Maider Galardi

Esna

2025eko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurrenekoz woke hitza entzun nuenean hiritar unibertsalaren hiriburuan nengoen, Parisen, frantses klasean, estatubatuarrez inguratuta. Ez nuen ongi ulertzen eztabaidaren musika, baina muina ezagun zitzaidan: gizon zuri heterosexualak ari ziren klasean zeuden feminista eta arrazializatuen aurka. Etxera itzuli nintzen esanahiaren jatorriaz eta haren dimentsio politiko errealaz jabetu gabe, eta hitza iraulita pentsatu nuen: «Seinalamendua badago, zergatik ez esan baietz, woke bat naizela?».

Urte erdi beranduago etxera itzultzean ohartu nintzen hiritar unibertsal minduak gurean ere bazirela, ez lehen baino gehiago, baina bai, beharbada, lehen baino lasaitasun handiagoz adierazpen askatasunaren aldeko gerlari gisa beren burua aurkezten. Hori bai, gehienetan X sare sozialak ematen duen anonimotasunaren eta anaidiaren beroan. Ai, zenbat espazio duten hitz egiteko, eta zenbat kexatzen diren «kantzelazioaren kulturaz». Halakoak ere euskaraz mintzo direla dakit, sarri iritsi ohi zaizkidalako —zaizkigulako— irainak eta mehatxuak haien ahotik. Azkenekoz duela bi aste, gurasotasuna eraikitako desira bat dela eta egun kapitalismoak eta heteroarauak mediatuta dagoela esateagatik. Han atera ziren familiaren defendatzaile denak; faxista konbentzituak eta delako ezkertiarrak, identitate politiken erretorikarekin bueltaka.

Haserretik errekuperatzen ari naizela Jenofa Berhokoirigoinek Larrun hilabetekarirako egindako lanarekin egin dut topo, eta ohartu naiz Parisen ez nuela ongi ulertu kontua. Batetik, apropiazio historikoa bailitzateke arrazakeriaren eta esklabismoaren aurkako lelo historiko bat neuretzea, eta bigarrenik, zerbait definitu behar bada, antiwokismoa definitu behar baita: justizia sozialaren eta eskubideen aurkako mugimendu aurrepentsatu bat, zeinak lortu duen ultraeskuinaren bueltan ustez ez daudenak ere erakartzea. Eta azken horiek, ezkerretik ari direla diotenek, hobe lukete argi esan zertan ari diren, zeren eta Jule Goikoetxeak Larrun-en esan bezala, «antiwokismoa pobreen eta langileen aurkako supremazismoa baita, estatistikoki emakume arrazializatuak, migranteak eta transak baitira pobreenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.