Elikaduraren aldetik oso modu desegokian hasi nuen eguna. Hasteko, alabei egindako banana, ezti eta gaileta irabiakiaren soberakinak. Handik ordu eta erdira bidezko merkataritzako kafe baso oso bat eta, ia segidan, agente komertzial batek ekarritako multinazional ezagun baten trufa bat, gero beste bat, dozena erdia azkenean. Txokolate hura txokolatezko aspaldi zabaldutako kaxa bateko azken galletekin nahastu nuen.
Segur aski, horrek bakarrik azal dezake eguerditik aurrera etorri zitzaidan burutazioa. Hego Euskal Herrian frantsesezko hitzak eta toki izenak ahoskatzean bi aukera soilik daude: esnobismoan aritzea ala espainolismoan.
Azukre gaindosiak haurtzaroko oroitzapen bat ekarri zidan. 9 urte nituela, ia udaro bezala, Frantzian ibili ginen etxeko laurok. Itzultzean, ikasturtea hastean, Euskadi Irratian solasean ari ziren Loirako gazteluen inguruan: Loira gora eta Loira behera, halako batean jabetu nintzen nik Loire esaten nuena (oi hori ua esanda eta azken e hori ahoskatu gabe) zela solasaldiaren muina. Hor jabetu nintzen agian, beste hainbat kontu bezala, jendeak ez zuela mundua izendatzen gure etxean izendatzen zen moduan (Akitaniatik Lapurdira sartzean, Aturriko zubiak zeharkatzean gure aita zenak beti esaten zuen, txantxetan serio, airea diferentea zela, Euskal Herrian sartzen ari ginelako).
Garbi nituen toki izen batzuk euskaraz: Bordele eta Okzitaniako Tolosa, Arroxela, baina banan-banan ikasi gabe, Euskal Herriko toki izen askorekin bezala, zalantza nabarmena zen. Frantsesa hartu oinarri? Euskarazko, eta beraz, gaztelerazko fonetikaren arauak?
Nerabezarotik aurrera, Europako hizkuntza diferenteak entzuten hasi nintzen eta, segidan, jabetzen, alemanez eta nederlanderaz, nola, frantsesezko ala italierazko hitzak ia zuzenean esaten zirela maileguaren hizkuntzan. Baina zalantza ez zen aldendu eta gaur egun ez dakit zertan den, nor hartzen ote duen euskal hiztun ohikoak (hori existitzen bada) esnobago, euskaraz Bordele dioena ala Burdeos esaten duena. Atzerriaz segurtasunez hitz egitea delako, edozein komunitatek, ezinbestean, partekatu behar duen ezaugarri bat.