Nekeari aukerarik eman gabe ari dira eskatzen, behin eta berriro, EAJk eta EH Bilduk Espainiako Kongresuan dauzkaten ordezkariak Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea eta estatu sekretuak agerian uztea. Erabaki hori Kongresuaren gehiengoaren babesarekin hartu behar den argudioan babestuta, Espainiako Gobernuak, hark ere behin eta berriro, uko egiten dio sekretu ofizialak publiko egiteari. Denon lotsarako, Franko diktadorearen garaiko legea da, 1968koa; nahiz 1978an aldaketa batzuk egin.
Urte askotan ikusi dugun legez, AEBetan oso serio hartu ohi dute, orain arte behintzat, sekretu ofizialak gordetzea eta, behin epe bat igarota, publiko egitea. Ezabatu egingo dituzte izen propio batzuk, baina zintzotasun handiz ematen dute beren iragan beltzaren berri.
Legea deuseztatu eta estaturen sekretuak —krimenak eta delituak kasu askotan— publiko egin behar diren eskaerarekin erabat bat eginda, politikoki osasuntsua delako, benetan pentsatzen dugu Espainiako Estatuak bere buruaz beste egingo duela, eta euskal gatazkarekin lotura daukaten operazio polizial eta judizial ilegalen xehetasunak topatuko ditugula paper horietan? Kontuz beteko ez diren itxaropenekin.
Eta behin eskatzen hasita, ba ote dauka Eusko Jaurlaritzak sekretu ofizialak gordetzen dituen biltegirik? Ertzaintzaren hainbat operazio ilun, eta bat baino gehiago dauzka, jasota ote daude xehetasun guztiekin paperetan?
Muskiz eta Artxandako atentatuak —2014ko ekainean— hasieratik, era tematian, ETAri leporatzeko gezurretako estrategia jasota eta aitortuta ote dago paper horietan? Eta azalduta al dago paper horietan 1998ko ekainean Gernikako etxebizitza batean ertzainek egin zuten asaltoan benetan jazo zena? Ina Zeberio etakideari hamahiru tiro eman zizkioten operatibo hartan. Azalduta dago zergatik ez ziren saiatu bitartekaritza baten bidez komandoko kideek beren burua entrega zezaten?
Eta horrela, hamaika operazio ilun.