Blanca Urgell

Euskal mindfulnessa

2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ingelesezko izenak dioenez, mindfulness arreta osoa lantzean datza, orain eta hemen gertatzen ari den zerbaitetan arreta osoa jartzean. Argiztatze bat izan dut. Badakit batzuek Biblia edo Korana hartu eta irakurtzera ematen direla bakea lortu arte. Bestetzuek izan liteke Shakespeare hartzea, edo Virgilio, edo Axular-edo. Irakurtzea arreta orduan eta han jartzea izanik, ez ote mindfulness mota ezberdin bat?

Kontuak kontu, Agirreri erabaki dut arreta osoa jartzea, ez ondarroarrari, Asteasukoari baizik. Orrialde mordoa betearazi zizkioten kristauenganako kezka larrien artean, Agirre biziki kezkaturik zegoen «eguzki aldeko gure auzo»-tik zetozen modengatik, nahiz «Beterriko tokietan onelako oiturarik» izan ez.

1803an-edo gaude, Napoleonen lehen garaian, eta aipatu nahi ez duen herri auzo horretatik datorren janzkerak «ainbesteraino llilluratu eta txoratu gaitu, non gizonak biurtuaz dijoazen gizantx eta emakumeak anddere [‘panpina’]».

Horra hor gure Agirre horretaz akaso ezer ere ez zekiten neska zintzoei «emakume arrotzen» modako jantzien erretratua egiten: batzuek «sorbaldaren erdia ta besoak agirian (...) ta kolko guzia erakusten duela salgai» (adi salgai horri); «besteak zatarrezko bulto andiak ipintzen» (wonderbra eta silikonaren aurrekariak). Bekatu larria zeritzon Agirreri «kolkoa ta bularrak estali gabe ta inguruetan apaingarriakin erabiltzea», Josefinaren erara.

Agirrek ez zukeen nahi «emakumeak elizara joatea (...) gorputz utsean indi-olloak bezala». Gogora zekarkien Arabian osoki estalirik dabiltzala, «begien parean (...) zurdazko sare bat» izanik. Eta Txinan «jaiotzen diranetik alako eran lotzen eta estutzen diezteza oñak, non geratzen diran oñik ezpalue bezala», «zeren an emakumeen usanza dan beti etxean egotea». Horrenbeste ez zaie kristauei eskatzen, ezpada modako «manteliña farragarriak» ez erabiltzea, «ain lasai eta sareak, non gorputz guzia ekusten dan, manteliñarik ez balitz bezala».

Nire arreta osoa irabazi du Agirrek. Euskal mindfulnessa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.