Amaitu da Korrika baina oinek ez dute atsedenik. Galdutako kartera bat dela eta ertzainekin mintzatu behar eta bakarra ez B1eraz egiteko gauza edo euskaraz egiteko gogoz. Milaka euroko publizitate kanpaina instituzionala eta emaitza: «No des la nota. Baja el volumen/Ez eman oharra. Jaitsi bolumena», prentsan horrela azaltzeko: «Ikamika itzulpen automatiko baten harira». Eta zaharra berri, euskaldunari tratu txarra ematen dioten buruzagi abertzaleak Aberri Egunean. Ez dakit zer garen, baina euskara behintzat ez.
Lekukoa auzoko zakurrari utzita, Picassoren koadro batean bizi gara orain. Eta hortxe gatoz bat. Emakumea gara eta haur hila. Gudari sarraskitua gara. Idiaren marru eta zaldiaren irrintzi. Kriseilu gara eta piztueraren txori. Herri bat gara eta horregatik ekarri behar da, ekarri behar denez. Ekarri, Gernika non dagoen ados jartzen ez bagara ere. Dena baita errazago euskararik ez dugunean. Jendea berotzeko, Ayuso entzun, Espainiako «inoizko gobernu aurrerakoienari» egingo diogu aurre, hamaika txosten teknikori. Galdera berez datorren arren: inork ez du belarririk zorroztu? Madrilekin mokoka dabiltzan horiek guztiek ez dute benetan euskararik aditzen bonbapean?
Hizkuntzarik gabeko orro gara?
Halaxe izango gara, ze, izan bagina, bertoko erakundeak ziratekeen «katetoak» Aitor Estebanentzat; Reina Sofia museoko teknikariak baino estuago hartuko ziratekeen Jaurlaritzatik ertzain motzak eta gure buruzagi independentistek espainierazko titularrak ahaztu eta euskaraz hitz egingo zioketen, behingoz, euskaldunari.
Beste batzuk dira kezkak, ordea, hemen. Gernikako estatutuaren eskumenen urteetako aldarria agorturik, beti zer eskatua behar eta, badirudi Guernica-k hartuko duela haren tokia orain Madrilekiko dialektikan. Bitartean, ez dezagun ikamikarik eragin. Agudo asko esango zaigu, eta ez Madriletik, sufrimenduaren hizkuntza unibertsala dela eta oharrik ez emateko.