Blanca Urgell

Ez naiz Maria

2026ko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amak ekografia egiteko hitzordua zeukan Gasteizko HUAn. Zegokion solairura igo eta segituan haren izena entzun genuen: Maria de la V... Bada, izen hori gutxik daramatenez hemen, bagenekien berarentzako deia zela.

Pozik atera zen, medikua atsegina baitzen. Hala ere, tematuta zegoen amari Maria deitzen, etengabe. Nik: «Ez diozu esan ez zarela Maria?». Eta amak: «Zeraren zerarekin saihetsak estutzen zizkidaten bitartean, ez neukan gogorik kontra egiteko».

Amen, ama. Ostera, ni sutan jartzen naiz. Hasieran uste nuen atzerritarren kontua zela, baina bai zera. Mediku atsegin horrek eta beraren adinekoek ama bezalako amonak eta ni bezalako amak dituzte, derrigor, lehen izen gisa Maria izan eta sekula erabili ez dutenak. Gure ama 36an jaio zen, ni 62an, bigarren ahizpa 68an eta hirugarrena 73an. Bada, azkena izan ezik, guztiok gara Maria, eta gure adiskide guztiak ere bai.

Kontua da Francoren garaian izen zibila eta bataio-izena bat etorri beharra zegoela. Eskumen horrezaz baliaturik, apaizek ia beti Maria eransten zioten gurasoek hautatutako izenari. Familiek, ordea, euren gogoko izena erabili ohi zuten, eliz paperetan eta erregistroan jartzen zuena jartzen zuela. Legea aldatu zenean ere, lehen urteetan ezin genuen Maria kendu, Miren-ez aldatu ezean.

Estuak dira oraindik Espainiako legeak, nahiz artean zerbait malgutu diren. Egia da, bestalde, gurasoak ere batzuetan... Estatu Batuetan, adibidez, zenbakidun eta ikurdun izenak debekaturik daude (@Miren, esaterako), baita Santa Claus, Jesu Kristo eta antzekoak ere. Alemanian Adolf debekatu dute, batek daki zergatik :-) Suedian, aldiz, Metallica eta Elvis ezin dira erabili (!?). Frantzian guraso batzuei alabari Nutella jartzea debekatu zien epaileak, Japonian Akuma Deabru eta Italian Venerdi Ostiral, Robinson Crusoe-ko pertsonaia gogoan. Zeelanda Berrian norbait saiatu omen zen bikiei Fish eta Chips ipintzen.

Ia unibertsala omen da nork bere izena izatea. Hain da horrela, non Haurren Eskubideen artean baitago. Nork bere izena. Berea. Bere-berea.

Ni ez naiz Maria.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA