Garuna neutralizatze mode-n jartzeko sasoia bada opor garaia, ez dut lortu. Solas luzeak eta oso aberasgarriak izan ditut. Beharbada, uda delako, abiadura bizi eta teknologiatik at, posible izan dira iritzi trukaketok. Azken boladaotan esku artera heldu zaizkit euskal idazleek, jatorrian espainieraz, idatzitako literatur lan zenbait. Deigarria egin zait. Oporraldiko hizpideetako bat izan da. Lagun batek esan dit pentagrama kontua dela, lerro ezberdinetan gaudela belaunaldi batzuk eta besteak, hots, euskaraz idaztea ezberdin ikusten/bizi dugula. Pentagramaren, eta oro har, orkestraren analogia gustatu zait. Gure belaunaldiko askorentzat euskaraz idaztea jarrera politikoa izan da. Euskara hutsez ikasketak egindako lehenengoak izaki, hautu batzuk ez ziren hautu izan. Idazteko hizkuntza ez-hegemoniko baten alde egitea Zegama-Aizkorri etenbakoan bizitzea da.
Udako solas luzeetan laxotasuna aipatu dit neure lagunetako batek. Alegia, askok pentsatzen duela euskara, dagoeneko, salbu dagoela, eta nekeza dela, gero, euskaldun izatea. Hortaz, orain libre gara, nonbait; edo libreago sentitzen gara. Arestik ere arnasa hartuko du behingoz; bizarra, honezkero, ZZTop taldeko guztiek batuta baino luzeago izango du eta. Moztu dezala ilea, beraz. Check, euskararen salbazioa. Zer nahi duzu esatea, irakurle estimatua, gure identitatean faila erraldoia ikusten dut. Antza, eraso gorrian baino ez dakigu izaten, eta egungo erasoak hain dira sibilinoak. Eta, jakina, norberak idatz dezala nahi duen hizkuntzan, pentagrama kontua baita asuntoa, eta orkestran egon ere, ez da zertan egon. Bizi dugun denborak mugarritzen gaitu, neurri handi batean. Nigan kezka eragin dit, baina, noski, norberak aurkitu behar du bere ahotsarentzat errepidea.