Hobe nuke isiltzea. Arabarra naizela esango didate («Zoaz San Prudentzio ospatzera!»), ez naizela futbolzalea, ez behar beste behintzat, eta Koparen finala ikusi ere ez nuela ikusi. Atzetik hasita arrazoia emango nieke, baina esan dezadan, balioren bat balu, ez dudala beste futbol talderik izan ene bihotzean, Erreala baizik. Barka, Reala.
Nire Erreal hura Arkonada, Zamora, Lopez Ufarte eta Satrustegirena zen. Bibote eta tximadun haien xarmak zerikusiren bat izan zezakeela ukatu gabe, nire euskalduntzearen parte bat izan zela esango nuke. Orduan oraindik ez neukan gaitasunik gero pixkanaka deskubritu dudan Araba euskaldun zapalduaren, ia ezabatuaren zantzuak igartzeko. Nire belaunaldiko arabar batzuei euskaldun izateko eredu garbi bat eskaini zigun Gipuzkoak, eta euskara ikastea baino biziki errazagoa zen Errealekoa izatea, garai goxoa ere bai baitzen haren zalea izateko. Bai: Ligako lehenengo final hura irratitik entzun nuen, 1981ean, eta euskaraz.
Oraingo finala ikusi ez, eta are gutxiago ikusi nuen Donostiako ospakizuna, Euskadi Irratian etxetik lanerako joan-etorrietan zerbait entzun banuen ere. Ostera, Artizarra sare sozialetik heldu zitzaidan «Para que nos entendamos todos», Mikel Alvarez Sarriegiren iritzi artikulua, Goierri Irrati Telebistaren webgunean zabaldua (2026-04-23), eta egun berean edo biharamunean irakurri nuen Julen Etxeberriaren kronika gure BERRIA honetan (2026-04-21).
Biek ere biek azaldu zuten, kontu handiz eta halako atsekabe batez, Aritz Elustondok oholtzan gaztelaniaz egin zuela, eta jokalariei eginarazi, «denok ulertzeko» bere hitzetan. Alvarez Sarriegik bertan zeuden ume euskaldunez eta Errealaren aldera ez ezik euskararen aldera ere lehiatsu diren euren gurasoez ederki adierazitakoa ez dut berriz esango. Irakurri zuk, irakurle.
Alta, ezin isildu ni. Oholtzako erabaki hura euskararen flotazio-marraren azpiko torpedo itzela da eta, non daude aurreko asteetan garrasika zebiltzanak? Non daude euskarafobo karneta banatzen ari zirenak?
Eta, finean, zer nahiago dugu, futbolari ona ala euskalduna? Ala euskarak ere denok ulertzeko balio lezakeela uste duena?