Carlos Garaikoetxea Urriza hil berritan ondo merezi zuen ia guztia esanda dagoenez —bereziki haren jardun politikoaz eta erakunde publikoetan egindako lan handiaz—, zutabegile honek haren ibilbidearen bi ertzi helduko die.
Lehena. Euskaldunon Egunkaria jaio zenean, 1990ean —eta sortu aurreko urtean ere— jeltzaleen esku zeuden erakunde publikoek sekulako boikot ekonomiko eta politikoa egin zioten, baina Garaikoetxeak eta Eusko Alkartasunak ez zuten segitu jeltzaleen bide oztopatzailea, eta proiektuaren alde egin zuten, lehentasunezkoa ikusten zutelako euskarazko egunkari bat argitaratzea, eta egoki ikusten zutelako egunkari hori Egunkaria Sortzen talde sustatzailearen eskutik argitaratzea. Proiektu haren alde, EAkideen artean, berebiziko lana egin zuen Martin Ugalde Orradrek.
2003an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria bidegabe, eta, beste askok egin zuten bezala, Garaikoetxeak beti eskaini zizkigun elkartasuna eta laguntza.
Bigarrena. Garaikoetxeak bere bizitza politikoan jasandako umiliaziorik handiena ertzain batzuek egindako entzuketa telefoniko ilegalak izango ziren. Garaikoetxeak berak birsortutako Ertzaintzako kideek, berak sortutako gorputz polizialeko kideek, entzuketak egin zizkioten 1986ko udan, oporrak igarotzen zituen etxean telefono haria manipulatuta. Desadostasun eta ezinikusi handia zegoen EAJn garai hartan; Arzalluz buru zuen taldea alde batetik, eta Garaikoetxea buru zuena bestetik. Garaikoetxea alderdi propioa sortzen ari zen susmoa hartuta, norbaitek erabaki zuen diru publikoarekin ordaindutako bi ertzainek —epaileek zigortu egin zituzten bi ertzainak Luis Maria Retolaza orduko Barne sailburua absolbitu zuten epaian— oraindik lehendakaria zen Garaikoetxeari entzuketa ilegalak egitea jeltzaleek Garaikoetxearen asmoei buruzko lehen eskuko informazioa eduki zezaten.
Epaiketan ez zen frogatu entzuketa horiek EAJren mesedetan egin zirenik, ez zen beharrezkoa izan.