Blanca Urgell

Gasteiz euskaldun hura

2025eko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten ekain-uztailak alderantzizkaturik etorri, eta uztaileko egun lainotsuok hara-hona ibiltzeko goxoak dira. Batzuetan mendian, besteetan kalean, gaur liburuetan egokitu zaigu.

Ez dakit behar beste hitz egin den Elena Martinez de Madinak Gasteizko toponimiaz egin duen lan erraldoiaz. Gaur ibilian ibili naiz bildumaren lehen liburukian eta haurtzaroko lekuetara bidaiatu dut bide batez. Judimendiko parkearen mugan galsoroak hasten ziren, Santa Luziaren baselizaranzko aldapa leunean behera. Sasoi honetan orduan oraindik uzta bildu gabe zegokeen. Hortik ez urrun Bandulerosolo bat zegoen: jabearen ezinena ala izana ote? Eleberri baterako atari.

Campo de los Palacios Palazieta (1594) edo Palazioeta (1649) zen, eta bazegoen baita Palazioetakolandea ere (1659).

XVI-XVII. mende haietan Gasteiz hiriburua bertako euskaldunik gabe gelditzeko zorian zatekeen. Eta, halere (edo horregatik?), balirudike ordura arte ez bezalako arretaz jaso zirela euskal izen zaharrak idatziz, lekukotasun apartak gorderik: 1521etik aurrerako Camino de San Juan-en Donaiz bidea (1684) izena oparitu ziguten, besteak beste.

Mende haietan oraindik euskaldunak non-nahi zebiltzalako arrastoak gardenak dira: gaurko Errekaleor auzo ospetsuaren izena Recaleorra (1481-86), Rio Recaleorra (1550) gisa jaso zen, baina 1601etik aurrera -a gabe agertzen zaigu, ordurako toponimoa halaxe fosildua zen seinale, artikuluak ematen dion bizia galdurik.

Euskaldunek eurek egindako herri-etimologiak ere antzematen dira: gaurko Aranzabela auzoaren izena XVI. mendean Aransabel(a) zen, eta horrek erakusten digu haran-sabel-en ordez halako batean euskaldunek arantza-bel analizatu bide zutela.

Zutabeak ez du izen gehiago kabitzen, zorigaiztoz, ez eta uztailak zutabe gehiago ere. Oporretan gaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.