Ander Perez Argote

Gatazkaz

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sarean, bideo batetik bestera saltoka, orain sei urteko Pablo Iglesiasen elkarrizketa batera iritsi zara. Une batean, hala dio: «Antikomunismoaren gorakada ikusten ari gara, komunismorik gabe». Esanaz bezala, eskuin muturrak egun eta gau erabiltzen duen mantra, mehatxu komunistarena, ez datorrela bat gaur egungo masa zabalen imajinario kolektiboarekin. Zeren eta analisi marxistarekin eta diagnostikoarekin bat eginda ere, inor gutxiren zerumuga politiko definitua da egun komunismoarena, bere forma klasikoan behintzat.

Eta «oso deigarria» da neofaxismoaren jarrera hori —jarraitzen du Iglesiasek—, baina gertatzen da «gatazka politikoak», dominazioak, bere horretan segitzen duelako. Alegia, kapitalismoa bera badela bere menderatze sistemaren jabe, eragiten duen gatazkaren jabe, eta, hortaz, alternatiba eta emantzipazioa planteatu ditzakeen subjektu baten existentziaren jabe. Eta hortik «mehatxua» behin eta berriz errepikatzearena.

Ez da kontua teorikoegi jartzea ere, baina asteon bertan buruan ibili duzun pentsamendu batekin konektatu du erreferentziak. Aste berean, izan ere, Desokuparen gisako talde baten bideoa ikusi duzulako batetik, jendarmez jantzitako matoi faxista batzuen enegarren jipoi basatia, etxebizitza eskubidea defendatu nahi duen herritar xume bati. Eta, bestetik, Aroztegiko auzian, enpresa espekulatzaile baten eta hura babestera joandako guardia zibil batzuen testigantzak entzun dituzulako, beren lurra eta eskualdea defendatu nahi dituzten herritar batzuk kriminalizatzen.

Eta haien arteko loturarik ez dagoela irudi lezakeen arren, biak dira espresio beraren isla. Kapitalismoa gizartearen forma natural gisa agertzen da egun, gatazkarik gabea, perfektua. Ondorioz, langile asko ez dira beren klase izaera azpiratuaz kontziente. Baina bistan da gatazka egon badela, enpresa bat, etekinak ziurtatzeko, jende bat kartzelara eramateko prest badago, edo, mertzenario batzuk, jabetza pribatua babesteko, pertsona bat jipoitzera iristen badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.