Jakina da izenak loturik ditugula geure esperientziekin. Eskolan on irizten ez nion neska batek Idoia izena zeramanez, txundigarria izan zen niretzat osaba-izebek izen horixe hautatzea neuk amabitxi izan behar nuen eta eurek hainbat urtetan desiratu zuten haurrarentzat. Harrezkero, noski, Idoia izenarekiko nire esperientzia biziki aldatu da, Idoia jator askoak ezagutu baititut neure lehengusinaz gainera.
Izen batzuk gizarte-mailan estereotipaturik daudela ere jakina da, edo are estigmatizaturik ere. Jessica eta Borja, adibidez, gizarte-klase jakin banarekin lotu ohi dira, eta zer esanik ez gure artera berrikiago etorritako latinoamerikarren zein musulmanen izenak.
Euskaldunon artean ere, izen xaharrak (Mari Josepe edo Joxemari), alde batekoak (Miren Josune) zein bestekoak (Iraultza) markatu xamarturik daudela esango nuke, baina nago diglosiak dena lausoago ez ote duen bihurtzen. Aztertzekoa litzateke.
Urteak daramatzat anitz-en izenondo gisako erabilera gaitzesten, Iparraldeko eta Nafarroako tradizioarekin eta Euskaltzaindiarekin bat: «Euskaltzaindiak (…) hitz hori izenondo gisa ez erabiltzea gomendatzen du, eta industria anitza eta kidekoen ordez askotariko industria eta kidekoak erabiltzea». Askotariko Mitxelenak bere hiztegiarentzat pentsatu zuen Orotariko horren bertsio leunagoa edo irensgarriagoa dela uste nuen, baina egiaztatu dut Kirikiñok erabili zuela lehenengoz eta Mitxelenak berak —ziurrenik Andima Ibiñagabeitia tartean zela— zabaldu zuela idazki askotan.
Amore eman beharko dut, ordea, behingoagatik. Zeren eta, noizbait Gora Gasteiz izan zenaren ildotik, gasteiztarron bizikidetza sustatzeko Gasteiz Anitza kolektiboa abian jarri baita. Oihenart (gaizki) parafraseaturik, arrazoi dutenez, zer nerrake?