Goizalde Landabaso

Gora Getafe!

2025eko ekainaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela egun batzuk ezagutu dut Mario Obrero. 22 urte ditu eta Getafekoa da (Madril). Idatzi duen liburuan (Con la e de curcuspín) dio 14 urte zituela galego hizkuntza ikasten hasi zela. Dagoeneko, katalana ikasi du, eta Madrileko Euskal Etxean euskara ikasten ari da. Berak kontatuta dakit, Madrilen, Karlos Cidek antolatutako Korrikan parte hartu zuela. «Gora Getafe!», oihuztatu zuen norbaitek, eta bere bihotzean horrek dzast! egin zuen. Hunkituta ziostan: «Nola ez naiz euskararen alde egongo hizkuntzak berak zabaltzen dizkidanean besoak?». 

Amamaz ere hitz egin zidan Mariok; Espainiako Mantxa aldekoa izatez, «baina leitzarra», beti bizi izan baita Leitza kalean. Estatu espainiarreko hizkuntzei gutun irekia idatzi die arestian aitatutako liburuan. Asturianu hizkuntzarekin bereziki abegikor sentitu da, eta aitortu zidan albo-alboan sentitzen duela hizkuntza zanpatu hau. Mario Obrerok eguna alaitu zidan, daitort; izan ere, egun batzuek gainbeherara zaramatzatenean, ez duzu itxaroten horrelako ustekaberik. Kanpo begirada, maiz, barrukoa baino sentiberagoa da, kontzientziatuagoa, eta, uspelguneetan, argi-printzak beti dira ondo etorriak. Berak gogorarazi zidan zer den kazetaritzatik gehien gustatzen zaidana: jende interesgarria eta apartekoa ezagutzea; hitz egin, entzun, ikasi. Etxera bidean akordura etorri zitzaidan lehengoan lagun batek bota zidan hitz berria: euskaldun irradiatzailea. Lagunak uste du badaudela pertsona batzuk, berez, erakargarriak direnak, eta euskararen suspertzerako ezinbestekoak izan litezkeenak ikusten ez den indar eraldatzailea daukatelako. Mario Obrero irradiatzailea da, zalantzarik barik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.