Blanca Urgell

Gora hibridazioa

2026ko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txinako Gansu probintzian, Mongoliaren azpian esango nuke, bada herritxo bat, egun Zhelaizhai izenaz ezaguna eta antzina Liqian deitua, non erromatarrez jantzita aurki genitzakeen biztanleak, euren balizko iraganarekin lotzeko asmoz edota turistak erakarri nahi hutsez, nork daki.

Erromako inperioarekiko lotura hori ez dute eurek asmatu, 1950eko hamarkadan Homer H. Dubs Oxfordeko irakasle zenak baizik. Hiru oinarri ditu: bertakoen ezaugarri fisikoak, artean begi argikoak eta ile gorrikoak izatea, iturri txinatarrak eta herriaren izen zaharra.

Iturri txinatarren arabera, K.a. 60. urtean Cheng Tan jeneralak gainditu zituen, Zeruko Inperioaren mendebaleko muga mehatxatzen zutenez gero, borrokan arrain-ezkata moduan antolatzen ziren gudari batzuk. Deskribapen hori bat datorke erromatarren dortoka-egiturarekin.

Liqian izena ere bat omen dator txinatarrek Erromako Inperioari eman zioten izenarekin. Diotenez, greziar alfabetotik txinatar logogrametara igarotzean hartu zuen Li-Chi-En forma Alexandriaren izenetik letorke, hiri ospetsu hura baitzen, aldi berean, Zetaren Bideko gune nagusietako bat eta txinatarrek Erromatik izaten zituzten berrien iturri handienetakoa.

Istorioa borobiltzeko, Dubs-ek Carrhaeko gudua (K.a. 53) ekarri zuen, non Partiar Inperioak Erromaren legio oso bat suntsitu baitzuen, eta milaka erromatar atxilo hartu. Haietako batzuk partiarrek ekialdera eraman edo haiek berez hara ihes egin balute, horra hor Liqian herria nola sortu zen, Dubs-en ustez.

Liqiandarrek pentsatu bide dute datu itsusiek ezin deusezta dezaketela teoria polit bat. Indusketek ez dute erromatarren aztarrenik batere eskaini, ez txanponik, ez armarik, ez dadorik, ez ezer. Haien ezaugarri fisikoak ere bestela azal daitezke, dela Txinaraino heldu ziren indoeuropar herriez (tokarioak, besteak beste) edota Zetako Bidea egin zutenez.

Hau idatzi bitartean, zutabeak ez baitira beti bolidorrean idazten, magrebtarrak dabiltza hara-hona nire aurretik, abokatu-bulego batean paperak konpon diezazkieten Espainiako Gobernuak abian jarri duen erregulaziorako. Haien agur goxoak oparitzen dizkidate eta nik zoririk onena opa diet.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA