Rene Magritten jolasa dirudi: «Hau ez da bazkari bat». Donostiako Itxaropena jatetxeak atontu du, 60 euro buruko. Batu diren 3.000 euroak Mugarik Gabeko Medikuak GKEri eman zaizkio, Gazan dituen egitasmoetan erabil ditzan. Mahai gainera atera diren platerak, baina, hutsik egon dira. Horrela irudikatu gura izan dute palestinar herriaren egunerokoa.
Tolesak toles, indarra du performanceak. Ez da janaria baliabide txarra tamal sakonagoei deitzeko. Jateko apurra eta jendea errenkan zain, nekez bikote iradokitzaileagorik. Gazako aldra tirokatua ez bada, gerra osteko «behartsuen zopa» aipatuko zaigu. Eta izango da apalategi hutsen aurreko lerroak ekarriko dituenik solasera, berak Kuban ikusi dituela-eta. Donostian bertan, ezin ahantzi Kaleko Afari Solidarioak ekimena, kalean bizi direnei zer jan prestatzen eta banatzen dien boluntarioen sarea. Ikuskizun itsusia da gosea.
Horra gure gizartea. Parte Zaharrean afari horiexek banatzen diren eraikinaren bestaldean, eta ordu bertsuan, jende ilara gaitza osatzen da egunero taberna zarratuaren atarian. 30, 40, 50 lagun zain, ostatua noiz irekiko. Premia larrian den jendea? Munduaren lau ertzetatik heldutako gosetuak dira, turismoan.
Eta berehala beste performance bat biribiltzeko ideia, zergatik ez ilara biak trukatu. Hala, egun batez, batzuk behartsu sentituko dira, aterako diote etekinik kontatzen gerora; eta ordainean, Instagramen aupatutako «euskal gastronomia miniaturazkoa» ahoratu ahal izango dute besteek behingoagatik. Ados, «hau ez da justizia» esango genukeen, Laboa imitatu guran Brecht-ena kantatzeko: «Mundua ez da era horretan aldatzen, zama-aroa ez da hola laburtzen, baina gau batez...».