Diotenez, New York desagertuko litzateke. Diotenez, Bartzelona, Venezia eta, ziurrenen, gure kostaldeko herri eta hiri zenbait ere bai. Groenlandiako izotz eta leia urtuko balira, eta betortz odoltsuek, aseezina den gosearen izenean, lurralde arraro eta bestelako erregai fosilak eskuratuko balituzte, larrialdi gorrian geundeke lurtar denok. Klima larrialdiari bost eta bortz gu fededun garen edo ez; eztabaida antzuetan gal gaitezke, baina zientzia eta datuak hortxe daude, ikusi nahi ez baditugu ere.
Nik Groenlandiaz (Grønland edota Kalaallit Nunaat) asko ikasi nuen Borgen telesailarekin. Tira, politikagintzaren jardueraz ikasi nuen asko. Hitzen indarra, ideien manipulazioa, janzkera eta joskera izugarria eskatzen du erabakitzen dena mozorrotzeak. Mundua azaltzeko eta giza jarduna kontatzeko kultur artefaktuak bezalakorik ez dago, entretenimendua esaten badiegu ere. Akorduan daukat azken denboraldian (esango nuke) Gronland-en petrolio zulo erraldoia aurkitu zutela, eta zenbat buruhauste izan zituen Birgitte Nyborg lehen ministroak AEBetako presidenteak erosi nahi zuelako uhartea. Eta fisikoki zein antzerakoak dira Birgitte Nyborg (fikziozko lehen ministroa) eta Mette Frederiksen (egungo lehen ministro erreala). Ai Parlement, Okkupert, The Americans, The Diplomat ez baleude, zelan jakingo genuke zer den politika fikzioa?
Fikzioa eta errealitatea. Lagun bati niotsan aztoraturik lehengoan: a ze mobida fikziozko gidoilariak etorkizuna aurreikusteko gai balira. Demagun fikziozko lanetan daudela etorkizuneko gakoak, ufa eta ufa, eta demagun kristo guztia fikziozko artefaktuak ikusten/irakurtzen hasten dela. Agian helduko dira Etiopiara, eta irakurriko dute Cenizas izenez sinatzen zuen espioi bat existitzen zela, eta Shell konpainiako gasolindegiak zeudela. Hots, ezer ez dugula asmatu, etengabe harri koxkor berean egiten dugula katakrak. Eta garai ezberdin horiek, etortzekoak zirenak, ba ea gidoilariek lehenbailehen asmatzen dituzten, 2026a txiribuelta ederrekin hasi dugulako (ironiaz ari natzaizu, jakina), eta ni, dagoeneko, nazka-nazka eginda nago.