Espekula dezagun. Nicola Landucci toscanarra 1560 inguruan heldu zatekeen Gasteiza, Bendaña jauregi berrian (egun Bibat museoa) bizi zen Juan Lopez Arrietakoren —Valladolideko Errege Kantzilergoko Abokatuaren— sendiaren seme-alaben tutore, demagun. Tutore italiarra izatea: hori bai marka orduan.
Bazen mende bat gutxienik handiki haiek Gaztelako nobleziaren hizkuntza hobesten zutela. Halere, lanak uzten zizkion txolarteak, gure Nicolak erabaki zuen noiznahi eta nonahi entzuten zuen beste hizkuntza hari, ezagutzen zituen osterantzekoekin zerikusirik ez zuen hari eskaintzea.
Hiztegigintzan saiatua zen lehendik. Koaderno batean idatzia zeukan lehen hiztegia, non Nebrixaren hiztegiko sarrerak bere toskaneraren baliokideekin bete baitzituen, herriminez-edo. Gaztelania-frantsesa hiztegi bat ere bazeukan, noizbait Frantzian izan zen seinale.
Ez pentsa bi hiztegi horiek ohikoak zirenik. Hala ere, hirugarrenaren asmoak ez zeukan parerik: ez erregek, ez jakintsuk aintzat hartu ez zuketen hizkuntza bat hiztegi bidez deskribatu nahi zuen, zertarako eta hura ikasteko —eta agian irakasteko ere bai—. Hortik izenburua: Bocabularioa ezqueraz jaquiteco eta ezqueraz verba eguiteco (1562).
Ez da ezinezkoa, dena den, Lucio Marineo Siculo bere herrikideak De rebus Hispaniae memorabilibus liburuan (1530) jaso zuen hitz-zerrenda ezagutu eta gainditu nahi izatea.
Ekin eta ekin ibili zitzaien ingurukoei, hirugarrenez kopiatu zituen Nebrixaren hitzen aldean euskarazkoak ipin zitzaten; eta azkenean lortu ere bai: «abbad, abbadea, apaeça», «abbadesa, abbadesea»…
Horra hor euskararen lehenengo hiztegia.
Kaier hura hurrengo ugazaba baten apaletara joan bide zen, handik hizkuntzak biziki maite zituen errege espainiar baten bildumara eta, azkenik, egun Espainiako Liburutegi Nazionala den horretara.
Bidaia aldez ezezagun eta harrigarri horrek salbatu zuen eskuizkribua lur jotako kapare baten suaren bazka izatetik —edo haren etxeko saguen—. Edo mendeetako familia-ondarea ergelkerietan xahutzen ari den ondorengo ergel baten eskuetatik.