Goizalde Landabaso

Haluzinazioa

2025eko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Batzuetan unibertso paraleloak daudela pentsatzen dut, alegia, horietako batean nagoela sentitzen dudala. Horregatik esan diezazuket oso fuerte haluzina dezakezula, edozein egun buruzuritan, terraza batean zerbait hartzera jesarri eta, kafearen lehen tragoarekin, alboan jartzen zaizkizunean hiru mutil Nietzscheren gaineko eztabaida sutsuan. 

Solasa zekarten albora jesarri zitzaizkidanerako. Nik Nietzscheren izena entzuterakoan konektatu nuen, harritu ninduelako hain jende gazteak hizpide izateak. «Ez, Nietzschek ez zioen sasoi zoriontsuak daudela, zioena zen istant zoriontsuak egon litezkeela». Kafeari bigarren tragoxka eman eta inguruetara begiratu nuen; azken boladotan filmatze asko dago Bilbon. Garagardoak eskatu zituzten. Kamareroak alde egin zuenean hiruretako batek heldu zion eztabaida sokari: «Zoriontasunarena ez zen posibilitatea, berrespena zen». Eta kirol jokaldi susmagarri baten aurrean izango zenukeen lagunarteko ezbaian sartu ziren, berriro. 

Tabernariari deitzeko aitzakiarekin begiratu nituen, eztabaida gero eta sutsuago zuten. «Hori Kant-ek esan zuen!». Ostia, Kant! Zenbat denbora eta oraindik ere atzera botatzen nau. Kantetik Faulkner-era ez dakit zenbat kilometro dagoen, baina terraza hartakoak Amanece que no es poco (Jose Luis Cuerda, 1989) filma ekarri zidan akordura, Faulkner plagiatu zuen herrikideari errieta egiten diotenean, Faulkner gurtzen zuen herria baitzen hura. Irriak egin zidan ihes. Ez dakit zenbat denbora eman nuen surrealismo hartan sarturik. 

Lagun batek esan zidan gero, unibertsitatera sartzeko probengatik zela, filosofia azterketa zutelako, eta Kant eta Nietzsche sar zitezkeela. Hor hautsi zen magia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.