Azkenaldian, Nafarroa Garaiko 1970eko hamarkadari buruzko liburuak irakurtzen aritu naiz. Orduko grebez, orduko antolakundeez, euskara ikasteko sortutako taldeez, emakumeen askapenaz. Eta ezinbestean joan izan zait, aldiro, burua hemendik berrogei urtera.
Irudikatu dut 2065. urteko norbait, aztertuko dituena UPNren botere politikoaren osteko urteak.
Aldaketak hamar urte egin dituen honetan, hizkuntz eskubideen ibilbidea dramatikoa izan da 2015-2025 honetan: hamar urteotako aurrerapausoa 1996-2006an eman zenaren parekoa izan da. Irudi luke, eta ez soilik euskararen alorrean, diru laguntza irrigarri batzuen truke Nafarroa osoan euskaldunok ditugun eskubideen falta bere horretan manten daitekeela.
Lurraldearen ikuspegitik, UPNren eredu bera segitu da: Aroztegian, Nafarroako ubidean, makroetxaldeetan, parke eolikoen biderketan, AHTaren eraikuntzan, Esako urtegian.
Osasungintzan aurreko zikloko aberrazioren bat aldatu zen (Iruñeko ospitaleetako jantokien kudeaketa), baina, funtsean, eta bereziki 2020tik, inoiz baino diru gehiago bideratu da medikuntza pribatura eta, bereziki, Opusen enpresetara.
2014an 5,3 polizia zeuden 1.000 biztanleko, orain 7 dira. Egunero gertatzen da judizialki ala isilpean etxegabetze bat Nafarroa Garaian. Baina gurean ohikoagoa denez senide edo lagun bat ez-dakit-zeren zuzendari orokor edo zinegotzi izatea etxegabetu izatea baino, bestaldera begiratzen dugu. Langile jendeak azken hamar urteotan galdu duen diru-ahalmena pobrezia larriaren datuetan da nabarmena.
Ia esan genezake ziklo honetako bereizgarri bakarra ustelkeriarena dela, baina aste honetako albisteek erakusten dute horretan ere antzerakoa dela kontua.
Halakoetan, sumindurik, beti bada norbait esaten duena hamar urte ez direla aski, berez orain arte enpresari handientzat eta Opusentzat errespetagarri izaten saiatu direla aldaketako ordezkariak, ala orduan zer nahiago dugun, «UPN egon dadila?». Galderak berak erantzuten du aldaketaren gobernuek zer aldatu duten. Baina niri gehiago interesatzen zait autokritika, 2014an zuztarreko aldaketa nahi genuenok, iraultza akaso ez baina erreformatxoren bat, nola izan garen hain mozoloak hain luzaro.