Hedoi Etxarte

Hausturaka, bihozkadaka

2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Sarri gertatzen zait, ulertzen nuela uste nuen hitz bat hiztegian bilatzen dut eta emaitzak irakurtzen ditudanean jabetzen naiz ez nuela inondik ere ulertzen hitza —ez esaten nuenean, baina are okerrago, ezta entzuten nuenean ere—. Ala ulertzen nuena hitz horren oso tarte estu bat zela eta hori bakarrik. Gaur gertatu zait frantsesezko élan ordainarekin. Elhuyarren begiratu eta erantzun dit: «1 nm. [enthousiasme] abaila, olde, oldar. 2 nm. [effort] abiada, bihozkada, sakada». Eta irakurtzen ari nintzen testua (izenburuan jartzen zuen Hausturaka, bihozkadaka) zeharo aldatu zitzaidan.

Hala hasten da: «Hunkituta arrakalatzen naiz. Puskatzen naiz. Oraindik hemen nago, baina honezkero ez erabat. Ez osorik, beraz, puskatuta nagoelako. Han ere nire puska bat dago —handitu daitekeen atal bat da gainera—, zirrarak azalberritu nauen tokian, tokiz aldatuta, neure buruarengandik kanpo. Zeren egoera honek paradoxa handi bat aurkezten du: emozioan puskatzen naizen tokian, ez naiz hainbeste hondoratzen. Ez naiz horma bat, altzari bat edota hala moduzko eraikin bat ere: alegia, zatitzen naizenean, ez naiz desagertzen. Aurkakoa: hedatzen naiz. Bizidunaren pribilegioa da. Emozioak arrakalatzen nau eta bere bihozkada, bere olatua, bere zurrunbiloa onartzen dut. Hautsia bihozkadan hori litzateke nire kondizio emozional funtsezkoa. Akaso hori da haustura, erritmo bat».

Aldea hain da handia, kapitulu hori hitz horren esanahi guztiekin irakurtzea, beste dozena erdi bat ordain ere bilatu baititut. Eta testua disparatzen zen. Batzuetan frantsesezko hitz batek barnean gehiago zeuzkan ezkutuan euskaratzean, eta alderantziz, «propager»-rekin bezala: hedatu, zabaldu, banatu, barreiatu, hedatu. Baina «zabaldu» hautatuz gero, hori euskaraz «ireki» bezala ere uler daiteke. Noraino garamatzan hizkuntzak, gertatzen zaiguna eta besteei gertatzen zaiena ere deszifratzen saiatzen garenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.