Azken hamarkadotan egin diren hauteskundeetan —tokikoak, departamendukoak eta Frantziako Asanblea Nazionalerakoak— udal hauteskundeak izan dira garrantzitsuenak Ipar Euskal Herriko abertzaleentzat. Salbuespen bat gertatu zen garrantziaren eskailera horretan. 2024ko uztailaren 7an egin zituzten Frantziako Asanblearako hauteskundeak, eta, ezkerreko indarrek batzeko egin zuten jokaldi bizkorraren ondorioz, aurreneko aldiz dago ezker abertzaleko hautetsi bat —Pello Dufau— Frantziako botere legegilean.
Igande honetan egingo dute udal hauteskundeen lehenengo itzulia, alderdi bakoitzak zenbaterainoko indarra daukan erakusten digun neurgailua dena. Lehenengo itzulian zure gustukoa denari emate baitiozu botoa, eta bigarren itzulian, berriz, gutxien gorrotatzen duzunari.
Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den aldaketaren erakusgarri —mantso, baina ari da aldatzen—, handitzen ari da EH Baik herritarren artean daukan onarpena. Ikusi besterik ez dago zenbat alkate dauzkaten orain ezkerreko abertzaleek eta zenbat zituzten duela hamarkada batzuk. Gero eta herri gehiagotan ari da bere zerrenda propioak aurkezten, eta, besteekin batera osatutako zerrendetan, indar handiagoz negoziatzen du bere hautetsien kokapena.
Interesgune asko daude igandean: hiriburuak, hiriak… Baina bada bat, duen esangura politikoagatik, askoren arreta erakartzen ari dena: Kanbo. Peio Etxeleku zinegotzia izan da Kanbon, eta, era berean, EAJren erreferentzia nagusia da Ipar Euskal Herrian. Ez du ezkutatzen asmoa duela Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez Jean Rene Etxegarairekin lehian aritzeko Elkargoko lehendakaritza lortzeko. Urteak daramatza kanpaina horretan, baina Elkargoko kide izateko ezinbesteko du Kanboko alkatetza lortzea, eta hori ez du horren eskuragarri.
Igandeko lehen itzuliak panorama politikoa argituko du, nork egingo duen gora eta nork behera, eta pista batzuk emango dizkigu martxoaren 22ko bigarren itzuliaren aurretik egingo diren akordioetarako.