Bai, badakit gaur egun eguraldia bikain asmatzen dutela. Eta astearte honetako eguraldi ederra iragarri zuten —oskarbiari ederra iritziz gero, noski—. Halere, arabarrok ohi dugun badaezpada horrengatik, txaketika beti soinean, egiazkoaren ordez liburu (eta internet) bidezko bidaia batean sartu naiz goizean goizetik.
Abiaburua Luis Mari Zalduak oparitu dizkigun liburuetako bat da, Antzinaroko euskal sustraiko jende izenak: Hegoaldea (Euskaltzaindia, 2025), eta Gasteizko nire gaurko mahaitik Arabako lautadaren ekialdeko Durruma Donemiliaga herriko elizaren kanpandorreraino eraman nau hegan.
Bertan bi hilarri dotore ikusi ditut, Zalduarekin batera esku-zurubi baten garaieratik begiraturik (bestela nekez), K.o. II-III. mendeetakoak, eliza berean diren hamaika gehiago geroko utzirik. Haietako batean bi gizaki aipatuak dira: hilarria eginarazi zuen emakumea, Sintilla, eta haren senarra, Lut Bel Scottius-edo zena (idazkunean -o datibo 'hari' markarekin dago), 71 urterekin zendua.
Europan ba omen da Sintilla bat bakarrik, eta hura gure arabar hori. Euskal izena ez, indoeuroparra dela iradokitzen du -illa bukaerak, alegia, Estibaliz dotorearen taldean kokatzekoa (ez horregatik, alabaren izen bila zabiltzaten gurasook).
Sintillaren senarraren izena ondo asmatua bada —Zalduarengan dapint nire konfiantza—, gizonaren ezizena litzateke, agian beraren jatorria adierazten zuena. Gure tapiz magikoan, bada, Eskoziara heldu garela iritzi diot lehen unean, eta Estibaliz Sasiolako entzun dut «Leku on bat da Eskozia…» deklamatzen (edo abesten). Ordea, Wikipediak agindu dit Irlandara hurbiltzeko.
Erromatarrek hiberniar zeritzen garaiko irlandarrei (Hibernia 'neguaren lurraldea' izanik). Geroago, baina, Britainia Handiko itsasertza erasotzera zihoazen gaelei scotti izena eman zieten; izen iluna, bestalde. Beraz, lehenengo Eskozia Irlanda zen, erromatarrek Scotia Maior zeritzena. Hangoek Britainia Handiko ipar-mendebalera migratu, han bizi ziren piktoekin nahasi eta horra hor geroko Eskozia eta eskoziarren jatorria omen dena.
Oskarbi ez dagoenik ezin esan, baina haize hozkirria ere bada, neguaren lurraldeari dagokionez. Hibernia-Gasteiz.