Gerra ikusi zuen balkoi beretik ikusi dut Voxekoen eta Ertzaintzaren iritsiera herriko plazara. Hor dago O plaza erdian, kaputxadunen eta kaskodunen artean sareetan hedatu den bideoan, lanerako mantala soinean, eta eskuak zerura botata. Arratsalde osoa pasatuko du bertan: artean baino, kaskodunen aurrean eta kaputxadunen ondoan. Plazan duen joskintza tailer txikia erdi irekita erdi itxita utzi du protestak iraun bitartean. Ez dio Poliziari begirik kendu, ezpada dendara norbait sartu ote den begiratzeko. Kaputxadunek oihuak, kaskodunek kargatzeko imintzioak, eta bera hor, geldi, baina ahotsa kabitu ezinda. «Ez dakizue guk zer pasatu dugun herri honetan», esaten die gazteei; eta poliziei: «Zuek jendea hobi komunetatik ateratzen laguntzen egon behar zenukete, ez jendea hobiratu zuten horien ondorengoak babesten». O-k badaki horretaz zerbait. Bere ama Nafarroako Erriberako herri batekoa zen, eta presente dute etxean ilea soilduta eta errizino olioagatik kaka eginda zihoazen emakumeen irudia. O-k ere ezagun ditu Franco hil ondorengo urteak. Gaztetan amaren sorterrira itzuli baitzen kontserbetan lana egitera. Harro dio greba bat abiarazi zuten lehen emakumeak izan zirela eta Iruñeko Auzitegian amaitu zutela. Hori guztia dakit, ez elkarrizketatu dudalako, bere alaba M, belaunaldi bat gazteagoa dena, nire kuadrillakoa delako baizik.
Voxekoek herriko enparantza hartu dute ostiral batez, eta O-ren belaunaldi bereko jendea inguratu da plazara, larrituta, harrituta. «Eszena hau beste garai batekoa da, eta karpa berdekoak, frankismoaren oinordekoak» marmarra nagusi da plaza izkinan trago eta trago artean. Erdi poteo erdi protestan dauden horiek gure aita eta ama dira, edo haien lagunak edo belaunaldikideak, eta ohartzen naiz nola normalizatu dugun gure gurasoak diktaduran pasatu zutela haurtzaro-nerabezaroa. Kalera jaitsi aurretik balkoiko atea itxi dut eta joan naiz noizbait orain habitatzen dudan etxe hau okupatu zuten soldadu nazionalek bertan utzitako metalezko kutxa ukitzera. Eskuetan desatsegina den hotz oxidatu horrek gogoraraziko balit bezala alderdi faxista bat babestera 50 polizia etorri izanak iragan bat bezainbat orain bat baduela.