Egungo jendearen gustuko amodio-istorio horietakoa da Aran bailarako hilobi batean datzana. Iragan mendearen hatsarrean, elkarrekin ezkontzeko asmoa erakutsi zioten Bausan-eko apaizari Teresa Estampa-k eta Francisco Bugat-ek.
Arazotxo bat zegoen, ordea. Bi gazteak lehengusu txikiak ziren eta, beraz, aita santuaren baimena behar esposatuko baziren. Eskatu zien ba apaizak hainbestekoa tramiteagatik, erantzun zioten haiek ez zutela dirutza hori eta finitu da komedia. Hala jarri ziren bizitzen elkarrekin; bi haur ere izan zituzten.
1916an, Teresa neumoniaz hil zen, 33 urte zituela. Eraman hilerrira eta apaizaren ukoa. Ezin lur santuan ehortzi bekatuan bizi izan zena. Hala jaso zioten bizilagunek hilerria Teresari, bere horma eta guzti gau bakarrean, Carlac-eko pagadira bidean. Egun oraindik, hilobi eta hildako bakarra du hilerriak. Sisco Frantzian hil zen, gerra garaian erbestera joan eta gero.
Bigarren hilobia Glasnevin-en dago, Dublin iparraldean. Hilarri zelta batean, Elizabeth O’Farrell-en izena. 1916ko Pazkoan, Padraigh Pears-ek eta berak negoziatu zuten britainiar tropen aurrean Postetxeko irlandar matxinatuen errendizioa. Bada argazki bat ere unea jasotzen duena. Unea, ezen ez O’Farrell. Esku zabar batek ezabatu zuen Pearsen aldamenetik, gerora Neil Jordan zuzendariak Michael Collins filmean bezala, hain zabar non emakumearen botak eta beroki muturra bertan utzi baitzituen.
Emagina, erizaina, mugimendu errepublikarreko buruzagi, 1957an hil zen. Hilobian, beste izen bat ere ageri da, Sheila Grenan, idazpuru hau duela: «Burkide leiala eta bizian laguna». 30 urtez bizi izan ziren elkarren ondoan. Aski da irakurtzen jakitea dena ulertzeko.
Hilak biziei eta, ordainean, biziek hilobiei dei egiten dieten egunak dira udazkeneko hauek. Eta hobiek, ebaska, ezin utzi diote ametsen eta zaputzen gordeleku izateari, isilaraziko hamaika istorioren logela, borroka-minen oihartzun eta adorerako deien musu.
Nuarbetik Zarautzera, Bausan eta Glasnevinetik barrena.