Hedoi Etxarte

Hizkuntzen heriotzaz

2026ko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

La Polla Recordsen sententzietako bat da Bakarrik lagun batek traiziona zaitzake, baina sententzia horren antonimoa gertatzen denean, inondik ere estimatzen ez duzunak zerbait xamurra egiten duenean oso satisfazio bitxia gertatzen da, tokiz kanpokoa, bahiketa emozional bat.

Hala sentitu nintzen duela hogei urtetik jasanezina egiten zaidan Alain Finkielkraut entzun nuenean berriki Frantziako telebista publikoan Leila Slimanirekin batera solasean. Aitortzen dut, eskuen dardarak argi erakusten zuela Finkielkrautek osasun arazoak zeuzkala eta, agian horregatik, ohiko erasokortasunik gabe zegoen, ia atsegin. Filosofo sionistak adierazi zuen medikuntza ez den beste guztiagatik iragana nahiago zuela, sakelakorik ez zegoen garaia, sare telematikorik ez zegoena, ezta gizakiaren zaharkitzea dakarren adimen artifiziala ere. Bitxia iruditu zitzaidan nola adierazi zuen, sarritan, baita euskal erreakzionarioek ohi duten bezala, frantses hizkuntzak frantses izateari utzia diola (gerora jarritako adibideetan, itxura guztien arabera migranteen ostekoen auzo proletarioetako hizkerak eta feminismoak mehatxatzen du frantsesa).

Ordea, Slimanik, neurri batean, arrazoi ematen zion filosofoari: baietz, ez soilik frantsesak, baizik eta kultur hizkuntza izan diren guztiak ari direla tokia galtzen, sofistikazioa eta edertasuna galtzen, metaforak hiltzen ari direla, lengoaiaren aurka basakeria erabiltzen dela, utilitarismoa gailendu dela.

Orduan Finkielkrautek Levinasen aipu bat irakurtzen du, eta gero, buruz, Slimaniren ideia bat aipatzen: «Ez du deusetarako balio esateak frantses izateaz harro nago; esan dezagun frantses izateaz eskertuta nago balio didalako maisulanetara jotzeko nire ama hizkuntzan». Zalantza handia sentitu nuen: nola egon eskertuta gure ama hizkuntzarekin, maisulantzat dauzkagun ia lan guztiak erdaretan irakurtzen baditugu.

Flauberten gutun ezagun, itxaropentsu eta agonikoa ekarri zuen gero Finkielkrautek: «Zeren idazten baitut ez gaurko irakurlearentzat, baizik eta, nire hizkuntza biziko den artean, etor daitezkeen guztientzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA