Goizalde Landabaso

Ikusezintasuna

2026ko otsailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zuk, umetan, zer superbotere nahi zenuen? Nik akorduan daukat semaforoak beti berde aurkitzea izaten zela nirea. Semaforora ailegatzerakoan gogor zarratzen nituen begiak, nire superboterea indarrean sar zedin, eta berde harrapatzerakoan superboterea garatzen ari nintzela pentsatzen nuen. Edo ez, ez naiz gogoratzen. Aspaldiko lagun batek, egun ere badena, ikusezintasuna aukeratu zuen. Izugarrizko lilura sortzen zion jende artean pasatu eta esaten zituztenak entzuteak.

Ikusezintasuna, baina, ez da beti hautazkoa. Galde diezaiotela eraikin baten sarreran, koltxoi handi baten gainean eta hotzari aurre egiteko tapakiek estalita zegoen emakumeari. Aretoaren berotasunera sartu eta barruan nire zain zeudenei esan nien: «Latza, gero, hor kanpokoa». Izenik ere ez nion eman kontuari. Han zegoen batek atoan ulertu zuen, berak ere ikusia zuen emakumea koltxoi gainean, eta buruarekin baiezkoa adierazi zidan. Barraskiloak gara, batzuetan, euri tanten artean. Gehien harritu ninduena, ostera, beste biena izan zen; koltxoi gainean tapakiek estalita zegoen emakumearen albotik pasatu ziren eta ez zuten ikusi. Alegia, paisaiaren zati bilakatu direla ezelango superbotererik eskatu gabe. Bizi naizen etxerako bidean badago kale gorrian bizi direnentzat gaua pasatzeko aterpe bat. Atea zabaltzeko ordua ailegatzen denean, sartzeko zain, gizonezkoak izaten dira nagusi. Tarteka-marteka emakumeren bat agertzen da, eta akordura etortzen zait aterpe horretan lan egin zuen eskolakide batek kontatutakoa. «Arrailgarria da, beti, hara batzen direnen egoera. Emakumeen kasuan, ordea, bikoiztu eta hirukoiztu liteke zaurgarritasuna». 

Superbotere lez ikusezintasuna aukeratu zuen lagunarekin daukat bihar bazkaria. Burutik kendu ezin dudan koltxoi gaineko emakumearena kontatuko diot. Superbotere aldaketa bat pentsatu beharko dugu, beharbada, edozein edertasun erreginak eskatuko lukeen xalotasunarekin, munduan bakea edota gauean aterpea bilatzen dutenentzat toki bero bat. Apika, beste barik, ikusgarritasunarekin has gaitezke, eta gero gerokoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA