Goizalde Landabaso

Inbasioa

2025eko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Bilbo inbadituko dugu, baina diru asko utziko dugu», esan zuen Bilbon Erresuma Batuko ohorezko kontsul denak, asko irakurtzen den egunkari batean. Europa mailako futbol final bat bizitzeko Bilbo eta inguruetara heldu behar ziren milaka britaniarrez ari zen.

Nik inbasio berba entzuten dut, eta emakume bortxatuak ikusten ditut, edota armaz jantzi eta josirik kale nagusitik sartzen diren gizon ahaldunduak. Inbasioa esan, eta niri akordura etortzen zaizkit erabateko suntsipena zekartzaten armen aurka hiru presidenteren irudia, edota, jakina, Palestina txikitzen ari den Israeleko ejerzitoa. Inbasioak Bretainiako hondartza luzeetara narama, edota edozein gerrarekin lotutako hamaika filmek utzitako irudi lazgarrietara. Ez, inbasioa berba ez zen berbarik egokiena izan, zalantza barik. Egia da, baina, bizi naizen hiriko pertsona askok horrela bizi izan zutela, eta dutela, batez ere, futbolarekin lotutakoak datozenean hiria okupatzera. Oso futbolzalea den inguruko batek beti diost hori ez dela futbola. Nik beti kontrakoa esaten diot; izan ere, nire lagunak futbola beste bizipen eta erromantikotasun batzuekin lotzen du. Baina, egun, hirietara datorren futbola hori ere bada. Biolentzia, haustura, eragozpenak, ezintasunak, gastuak, okupazioa eta inbasioa. Nik ez dakit zenbat diru utzi duen hirian jardun honek, nori utzi dion dirua, eta zer egingo den jasotako dirutza horiekin. Baina horrelakoak hain maiz gertatzen direnez, agian, «inbadituko» duten hiriko biztanleek zerbait esan beharko genuke. Agian nahiago dugulako diru gutxiago izan eta hiri bizigarriagoak, eta hori bai, edozein inbasiotatik urrun egon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.