Goizalde Landabaso

Intimitatea

2025eko abenduaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barack Obama AEBetako presidente zela, bere gobernuak, garunaren mapa egiteko dirutza eman zien ikertzaileei, tartean, euskara liluragarria zelako ikasteari ekin zion Rafa Yusteri ere. Brain egitasmoarekin garunaren mapa egin behar zuten, eta misterio guztiak argitu nahi zituzten. Zer mania dugu, gero, misterio ororen korapiloa askatzeko. Zer da gizakia ez bada etengabeko misterioaren atzetik dabilen piztia galdua? Intimitatea demode dago; honek, baina, ez du esan nahi garrantzitsua ez denik. Ikus ezazu Pluribus telesaila eta garun bakarra konpartitzen duen mundu ezinezko baten istorioa. Kolektibotasunean irmoki sinesten duen honek modu bertsuan uste du norberak izan behar duela bere-berea den txokoa, beste inork ezagutzen ez duena. Garunaren misterioetan jakintsu diren neurozirujauek ere ez dakite non dauden kokatuta tristura edo frustrazioa; non amorrua eta poza. Gai dira zure gainaldeko autobideetan zehar ibiltzeko, eta, baldin badago, auto matxuratua aurki lezakete, baina ez desosegua edota beldurra. Ez dakite. Niretzat lasaigarria izan da.

Euskaraz bada esamolde eder bat norberaren intimitatea gotortzen duena: zure burua. Eta zeure buruan zeu eta zeure munstroak baino ez daude. Akorduan daukat lankide gazte batekin eztabaida izan nuela app batek kontrolatzen ziolako hilekoa. Berarentzat erosoa zen, izan ere, app ditxosozkoak abixua ematen zion hilekoa etortzear zuenean. Hilekoa isil-misilka zetorkion, nonbait, edo bere gorputzarekin komunikazioa etena zuen, ez dakit zer gertatzen zitzaion. Baina app hori ezin baliozkoagoa zela esan zidan, garbigailua baino hobea. Eta hor hasi zen gure arteko desadostasuna, baina hori beste kontu bat da. Gauza da lankide gazte harentzat, eta pertsona askorentzat, norbere burua erakustea ezin txatxiagoa dela. Sare sozialetan sartzen zara eta egiten duten guztia jakin dezakezu; beraiek kontatzen dizute eta. Neu ere demode nabil, gero eta uzkurragoa bainago horrelakoekin, eta maiz isiltasunean aterpetuta amaitzen dut, neure buruaren intimitatean.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.