Behin edo behin pentsatu izan duzu euskal gatazkari buruzko ipuin bat idatzi beharko bazenu bi lagun jarriko zenituzkeela elkarrizketan, maiatz bukaerako iluntze luze hauetako batean agian, terraza batean, eta zerbeza bana eskutan. Iragan hurbilaz ari dira, eta bat datoz, lehenago bukatu behar izan zuen ETAk. Baina ez dira ados jartzen noiz. Atzera doaz mugitzen ustez bukaera beharko zuenaren marra, baina lausoa zaie neurketa, eta fribolitatean erortzen dira: data bat jartzeak justu horren aurretik hildakoaren heriotza zilegitzat hartzea dakar, eta hurrengoa indultatzea. Baina ez dira jainkotan jolastera etorri, eta ongi pentsatuta, testuinguru orokorra ez da hainbeste aldatzen onargarria zaien azken hildakotik onargarria ez zaien lehenengora.
Sinplistak balira, edo konplikatzeko gogorik ez balute, sekula existitu beharko ez lukeela ondorioztatzen bukatuko lukete. Baina historiarekin arazotan sartuko lirateke orduan, berdin desagerrarazi beharko bailituzkete orduan Che Guevara eta Nelson Mandela, Vietnamgo erresistentzia eta Aljeriako matxinoak, latinoamerikar gerrillak eta edozein diktaduraren kontrako edozein mugimendu armatu. Eta gauza bat da tokikoaz iritzia izatea, eta beste bat historia global osoa aldatu nahi izatea.
Beraz, euskal gatazkari buruzko ipuin bat idatziko bazenu, beste zerbeza bat eskatzen irudikatuko zenituzke bi lagunak, afera ordura arte kontatu dietena baino askoz konplexuagoa dela ondorioztatzen. Historia kritikoki berrikusi daitekeela, noski, berrikusi behar dela, baina arriskutsua dela gaur egunetik lehenagoko urrats oro epaitzea. Errealitatean ez direla hain argi gertatzen ipuinetako hiru fase klasikoak, sarrera, korapiloa eta bukaera, eta, gainera, haiek ez direla etorri ipuinak idazten jolastera, beste norbaiten pertsonaia izatera baizik, hamarkadatako gertakariak marra lodiz epaitu nahi izatearen absurdoa salatzeko, gauza banalagoez aritu ordez, zerbeza bat eskutan, uda hasierako arratsalde zoragarri batean.