Distantziak errealitate miopikoa utzi ohi du eta edozelako buruhauste, min edota ezinegon aintzirara botatzen duzun harriak egiten duen azken uhina bezalakoa bihurtzen da. Barka nazatela munduko dramek eta barka nazazu zuk. Batzuetan alde egin behar da, eta ez soilik kilometroetan. Hizpideak edo paisaiak aldatzeak on egiten du beti. Udako oporretako geldialdiak ezinbestekoak dira arnasa hartzeko, baina, batez ere, bizitza zer den gogoratzeko. Kresal usaina, txankletak, itsasaldeko osterak, piperrak eta arrain erreak. Aspaldiko ekaitz elektriko ederrenak ikusi ditut lagun artean, euriteen osteko usaina ezberdina da beti hiritik kanpo, eta horiek ere gozatu ditut. Eta, jakina, eguzki eklipsea. Hegaztien noraezarekin eta kalatxorien karranka zoroekin txundituta geratu nintzen. Antigoaleko gizakiek zelan ez zuten, bada, pentsatuko mundutik kanpoko zerbait magikoa gertatzen ari zela? Baina, daitort, ez nuen galdu ezinezko jazoera ikusi. Ondo gentozkiguke jazoera mundialak galtzen hasiko bagina, beharbada horrela berreskuratuko genuke gozamena esaten dioten hori.
Liburuak irakurri ditut, eta liburu batzuk abandonatu ditut ezelango arazo barik. Barre pare bat aterarazi zidan frantziar pelikula bat ikusi dut. Itsas gorabeherak eta banderen koloreak izan dira nire ardurarik garrantzitsuenak. Dena, baina, ez da zoragarria izan. Tabernetako musikaren anglofiliak nazkatu nau aurton ere; demaseko prezioek eta parkingak ere bai. Denbora bizkor batean joan zait, baina jaramon egiten ez diozunean denborak bere mendekua hartzen duelako da. Iraila hastera goaz, eta ia ezerk ezin dit kendu hilabete honek eragiten didan poza. Saltoki handi ezagun batek eskolako materiala saltzeko egiten zituen iragarkiek ere ezin zuten nire iraila-filiarekin amaitu. Biziki maite dut iraila eta bere itsasgora eta behera biziak, bere gau hotzak, hiriaren aldaketa txikiak. Ea zer dakarkigun ikasturte berriak, ea bidezidor berriren bat aurkitzen dugun, ea ustekabe onen batek bihotzak iraultzen dizkigun. Bueltan gara.