Kontatu didate lehengoan Ondarroa jomuga zuten turista batzuk heldu zirela Bilbora, eta argibideak eman zizkienak, nahastuta, Ondarroara barik, Andorrara bidali zituela. Turistek Jacob Elordiren jatorria ezagutu nahi zuten? Elordik erakarmen handia dauka; esaterako, berari esker askok Emily Brönte ezagutu dute (Gailur ekaiztsuak eleberria idatzi zuena). Erresuma Batuan salmenta %469 igo zen iaz. Espainiar estatuan erabilitako gauzak saltzeaz arduratzen den webgunean liburuaren bilaketa %455 igo zen. Radio France-k kontatu du gazteen artean oso jarraitua den sare sozial batean liburu honen irakurketa bultzatzen ari dela. Eta hain zuzen ere, sare sozial horretan, bideo bat zintzilikatu du espainiar gazte batek: filmaren etorrerarekin eleberria irakurtzeari ekin dio, baina, ez du ulertu. Esaldi luzeak, eta, egungo hizkera ez den hizkuntza batean idatzita dago. Hots, gazte txartela izan lezaketen askorentzat eleberri oso bat korapilatsua dela, areago, klasikoa bada. Emakume gazteak berba bat jarri du ez-ulertze horren adierazgarri: antonomasia.
Diotsudanez, ez ei da salbuespena. Z belaunaldiko askok arazoak dituzte irakurtzen dutena ulertzeko. Unibertsitatean irakasle den lagun batek berretsi dit aipatutakoa: ez dira gai testu luze bat ulertzeko, atera kontuak, eleberria ulertzeko. Txundituta geratu naiz. Antza denez, ChatGPTri edota antzerako beste bati laburpena eskatzen diote, ulertzeko gai ez direlako sentitzen. Angustia sortzen zaie hainbeste hitzekin. Teknologiaren etorrerak ekarri bide du ulermenaren gainbehera. Ez dakit soilik gazteen kontua den, agian denok ere teknologiarekin ulermenerako gaitasuna malgutu dugu, edota testu luzeak irakurtzeko pazientzia desagertu zaigu. Konplexutasunarekin daukagu arazoa?
Hala ere, dena ez da hondamendia, irakurle estimatua. Lagun baten semea neska lagunarekin tabernetan geratzen da, irakurtzeko. Euren liburuak besapean, gustuko tabernan hitzordua egin, eta bakoitza bere liburuan, elkarrekin daude. Ziur nago ulermen arazorik ez dutela izango.