Blanca Urgell

Iran kontra pazienzie

2026ko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Susan Sarandonek eta biok hedabideetatik datozkigun berri partzialak baino ez ditugu ezagutzen. Egungo hedabideen egitekoa, konspiranoikoa banintz, esango nuke halako nahasmen bat sortzea dela, non herritarrek ez diogun ezer inori sinistuko azkenean.

Neur ote daiteke Ormuztik igarotzen den petrolioa ikastolako neskatiletan? Neur ote daiteke demokrazia-gogoa Israelen drone eta misiletan? Noizbait behar bezala eskertuko ote diote irandarrek Trumpi amorru epikoz begiratzea? Ba ote dago infernu berezi bat emakumeen bizia infernu bihurtzen duten Ali Khamenei gisakoentzat? Noiztik utzi diegu aktoreei guk herritarrok kalean adierazi ohi genuena adierazteko ahalmena? Noiz arte egongo gara pantailen ostean oztendurik, bestek diotena ospaturik edo gorrotaturik?

Txarra kenduta, ondo dago misilek pentsarazi badigute. Pentsarazi, bilarazi, ezagutarazi. Hortan dago koxka.

Zergatik utzi zitzaion Irani Pertsia izena emateari? Antza, aldez exonimoa delako eta, gainera, Irango etnia bakarrari dagokiolako.

Zertaz hitz egiten dute? Persieraz? Bai eta ez. Bertako beste hizkuntzek ez dute ofizialtasunik: azerbaijanera, kurduera, lurera, balutxi, turkiera…, baina haurrek arabiera derrigorrezko omen dute Bigarren Hezkuntzan.

Nork aipatu zuen Iran lehenengoz euskaraz? Tartas zuberotarrak, Persa izenaz (1666). Persatik Konstantinoplerat doa norbait Inxausperen idazlanetan (1894). Janzkera berri haiekin emazte bakotxa izanen da Persako erregina baten pare Elizanbururen ustez (1889). Hegoaldean ez ziren ausartzen, nonbait, persa gentilizio arrotza ohiko moduan jokatzen: persaen erregea dio Lizarraga Elkanokoak (1793), eta berdin persaen edo persaetatik Lardizabalek (1855) eta Uriartek (1858). Irandar-rik ez 1935 arte, gutxienez.

Ostera, AEBei aplika diezaiekegu Zegamako dotrina batek (c. 1863) oparitu digun esapidea: Iran kontra pazienzie. Irak, amorruak, bizkor erantzunarazten digu, eta gero damutuko. Geldi gaitezen, pentsa dezagun, bila dezagun, ezagut dezagun. Gehiago gara: noizbait asmatuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA