Urtebete lehenago hasi zen antolatzen 1978an Argentinan egitekoa zen Munduko Futbol Txapelketaren kontrako boikota. Frantziatik egin zen deia, Le Monde egunkaritik, hain zuzen; logikoa ere bazen, bertan jasotzen baitzen eta bertatik salatzen nagusiki erregimen militarra burutzen ari zena. Amnesty Internationalek 15.000 desagertu eta 8.000 preso zituen zenbatuak ordurako. Esloganak indarra zuen: «Futbolik ez kontzentrazio esparruetan».
Parisen, ostegunero biltzen zen jendea Argentinako enbaxadaren aurrean. Selekzioak parte har ez zezan ere eskatzen zen. Alferrik. Poliziak manifestariak atxilotu zituen. Argentinan, Junta militarrak Burson Masteller estatubatuar agentzia kontratatu zuen gobernuaren irudia garbi zezan. Ez nahastu kirola politikarekin. Herritarrak lozorrotzeko mantra ere asmatu zen, hedabide guztiek errepikatu zutena: «Argentinar herriaren kontra atzerrian antolaturiko konplota da».
Futbola futbola da. Mayo plazan, desagertuen amak iraintzera deitu zen. Harmailak mukuru bete ziren eta Argentina finalera iritsi zen. Estadiotik bertan, ESMAko torturatzaileek bahituekin jarraitu zuten partida. Batzuk kalera ere atera zituzten autoetan, ikus zezaten inork ez zituela gogoan.
3-1 irabazi zuten etxekoek. Zoratzen Videla eta zoratzen herria. Osvaldo Ardiles erdilariak gerora aitortu zuen asko pentsatu zuela gol bakoitzak zekarrenaz. Alde batetik, diktadura luzatzeko balioko zuela. Bestetik, torturatzaileek agian gozoago jokatuko zutela presoekin.
Hortxe okertu ziren Bilboko manifestariak. Kontra jo beharrean Israel Premier Tech hauspotu izan balute, hurrengo egunean armadak hil zituen 53 palestinarretik baten bat libratuko zen. Menturaz.