Nire lagun M-k esan dit gaizki sentitzen dela Palestinako irudiak ezin dituelako jasan. Duela zortzi hilabete amatu zen, Gazako genozidioaren azken kolpe hau hasi eta urtebetera, joan den urrian. «Badakit ez dagoela ondo ez ikusiarena egitea, baina ezin dut», dio. Nik ere izan ditut gorabeherak. Hasieran manifestazio denetara joan, zutabe denak horri buruz idatzi, eta besterik ez nuen buruan, berez harritu beharko ez gintuzkeen Israelen basakeriak ustekabean harrapatu izan bagintu bezala. Baina hilabeteek aurrera egin ahala, apalduz joan zen kontua, eta irudi gordin horiekiko anestesiatuta egotearen pare lokartu zen jendea. Hala ebatzi zuen K-k, aljeriar jatorriko nire ikasle batek, joan den lauhilekoan egindako lan batean: beste gatazka edo gizarte-larrialdietan gertatu bezala, Mendebaldeko zuriok «erraztasuna» dugula Palestinako auzian ere bonbardatutako hirien eta mutilatutako haurren irudiak ikusteko bazkaltzen ari garen bitartean. Eta ezin badugu aguantatu, erraza da alternatiba: Gaza / Palestina / Genozidioa hitza sare sozialetan isilarazi eta kito.
Azken egunetan berrengantxatu nau gaiak, beharbada nire zuritasunagatik errazago konektatu dudalako Askatasunaren Flotillakoekin, eta haien bahiketa eta deportazioa gizagabeak iruditu zaizkidalako —ehunka palestinar bermerik gabe bahituta ez baleude bezala—. Jada zenbatezinak dira hildakoak, eta, halere, gerra deitzen zaio oraindik hedabideetan, eta Europatik ateratako itsasontzi bat behar izan da berriz ere gaia prime-time-raitzultzeko. Akaso, berriz ere kateatu nau gaiak Mohammed el-Kurden Rifqa irakurtzen aritu naizelako, eta egon delako esaldi bat harrapatu nauena, liburuari izena ematen dion el-Kurden amonak behinola esana: «Ez dugu zuen errukia nahi, zuen ekintzak nahi ditugu». Beraz, kontua ez da hildako haurren zenbat irudi gehiago jasan ditzakegun, ezpada zer egiteko prest gauden genozidioa eteteko. Flotillakoek egin dute, eta orain Rafahra bidean dira Afrika iparraldeko 8.000 bat ekintzaile. Egunotan beste 3.000 batuko zaizkie Mendebaldetik, Gazarako Martxa egitasmoan. Eta gainontzekook irudiak ikusi baino zerbait gehiago egin ahalko bagenu…