Goizalde Landabaso
Larrepetit

Kalearen gorria

2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Erloju barik nabil aspaldi. Lehenengo egun bietako menpekotasuna gaindituta bere beharrik ez dudala jabetu naiz. Sasoi batean (eta gauetan) izarrak izaten omen ziren gidari, neuretzat osterantzekoak dira ordua adierazten didaten gakoak, seinaleak. Badakit gauetan eliz bazterreko behearen gainean jesarrita dauden gizon-emakumeak ez badaude gaueko hamarrak baino beranduago dela. Ez dira han bizi. Eguna kale gorria gora eta behera ematen dute, eta gauean abaroa eliz bazterreko ate barruak ematen die. Kafe egin berria usaintzen dut batzuetan. Oso berandu ez nabilen seinale. Gau batzuetan ateari kox-kox egiten dion pertsonaren bat ikusi izan dut. Ateko zaindariarekin sarrera negoziatzen aritzen dira atezainaren lasaitasuna eta sartu nahi duenaren desesperoa. Inoiz ez naiz geratu zer gertatzen den jakiteko baina neure baitako zati batek (beharbada kontzientzia kristauaren hondarrak edo ondo lo egin nahi duen puskak) sartzen uzten diotela pentsatzen du. Beste norbaitek zaintzen dituela beti lasaitzen du.

Goiz batzuetan zubi erdian desorduak hartzen du kalebakoren bat, eta lotan egoten da. Onenean lo-zakuetan sartuta. Okerrenean, kartoi gainean eta bera hizpide ez duten egunkariek estalita. Kalearen gorriari eusteko alkohola ezinbestekoa dela irakurri berri diot urte luzeetan zerupea gordeleku izan duen bati. Oihana ei da kalea. Gorria. Animalia malmutza gizakia. Bizirik irauteak ezartzen dituen arauak, ankerrak. Alkohola eta droga derrigorrezkoak omen dira kalearen lakarra lausotzeko. Ez ikusteko, ez sentitzeko, ez izateko.

Pobreziaren nazioarteko eguna izan berri da. EAEko datuak jakinarazi dituzte. 1.700 lagunek ez dute etxerik. 250 inguru kale gorrian bizi dira. Gehienak gizonezkoak. Egunkarietan orrialde asko kaleratu da honen gainean. Gauaren hotzari aurre egiteko balioko duten orriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA