Apokalipsia edo hil, irakurri nuen munduaren akaberaren ataria zirudien komun galdu bateko atzeko atean. Irria atera zitzaidan, daitort. Zergatik erakartzen du gehiago etorkizun apokaliptiko batek eta ez mundu bizigarriagoak? Adituek arrazoi sorta emango dute, niri, berriz, bat otu zait: ahalegina. Alegia, mundu bizigarriagoa izateak nire/zure/gure inplikazioa eskatzen duela. Apokalipsia erraza da, ezin da horren kontra ezer egin. Uste dut lasaitu ere egiten duela, eta beharbada horregatik, pentsamendu honetara lerratuta daude zale eta fededunak. Apokalipsiak ziurtasuna eskaintzen du: dena txarto eta okerrago dagoenean, ezinegona bare ezina denean, arazoak pilatu eta pilatzen direnean, hor dago apokalipsia, dena eta denak amaitzeko. Apokalipsia guai dago izan nezakeen edozein erantzukizun astindu dezakeelako. Hau da, zertarako pentsatuko dut gizartearen ongizatean, ingurukoen zaintzan, mundu bizigarriagoan, apokalipsia badator? Hortaz, carpe diem, lagunok, dantza dezagun Melancholia filmean bezala, gerorik ez badago zertarako ahalegindu ezertan?
Marina Garces filosofo kataluniarrak elkarrizketa batean dio etorkizun-ezaren pentsamendua botereak sustatutako pentsamendua dela. Jauzi egin dut elkarrizketara. Kaleratu duen sakelako liburu baten karira aritu izan dira solasean. El tiempo de la promesa (Promesaren garaia) liburuan dio promesa tresna politiko indartsua izan litekeela, orainean ezarrita dagoelako baina etorkizunera begiratzen duelako. Izan ere, promesak lotu egiten ditu oraina eta geroa, eta, gainera, konpromisoak ezartzen ditu. Oso interesgarria iruditu zait, egia esan, eta oso lotuta dago irakurtzen ari naizen Margaret Atwood-en poema liburu berrian azpimarratu ditudan esaldietako batekin (tatuatzeko moduko horietako bat): Gertatuko dena, dagoeneko, gertatzen ari da.
Infernu atariko tabernako komun artistikoaren ateak beltzez zuen arestiko esaldia, eta norbaitek erantzun egin zion, beste idazkera baitzen. Hil, zioen, eta nik, zinez, bide onetik gindoazela pentsatu nuen.