Ez naiz ni kotxe ikusgarrien aurrean adurra dariola gelditzen direnetakoa, baina gertatzen zait, aurrean kotxe tzarra izan, eta, kolpean, bira egitea erabakitzen duela keinukaririk jarri gabe. Gero eta gehiagotan pasatzen zait. Pentsatu ohi dut, xalo eta ironiko artean: «Hainbeste diru ordaindu kotxe bategatik eta keinukaririk ez!». Badakit, bai, Adimen Gizatiarraren (hemendik gora AG) hezkuntza kontuak dira. Pasatu al zaizu zuri? Pasatu al zaizu, nonbait sartzera zoazela, eta lehendabizi barruan dauden AGei ateratzen uzten dien pertsona bakarra izatea? Pasatu al zaizu, oinezkoentzat semaforoa gorri, eta AGak, ia batera eta bestera begiratu barik, pasatzen egotea? Nik ere egin izan dut, bai, daitort. Baina umeren bat zain bazegoen, gelditu egiten nintzen beti. Pepelerdokeriak dira, pentsa zenezake, zertarako itxaron kotxerik ez badago? Lehengoan zenbatu egin nituen segundoak; minutu batetik beherakoak semaforo denak. Zer dugu hain premiazko minutu bat ere ezin egoteko? Horixe al da gure transgresiorik handiena?
Eta zer diostazu garraio publikoan entzun ditzakezun solas ozenez? Ezin ditut jasan autobusean, metroan edo tranbian, garrasi batean, telefonoz berbetan hasten direnak. E-zin-dut. Lehengoan metroan nindoan eta nire alboan emakume gazte bat telefonoz berbetan ari zen. Diskrezio eta intimitatearena beste baterako utziko dut. Zein momentutan pentsatu zuen haren solas txatxu hori bagoian gindoazenon interesekoa zenik? Berdin da. Pare bat bagoitan entzuteko moduko elkarrizketa zuen telefonoaren bestaldean zegoen norbaitekin. Ez nintzen ausartu ezer esatera. Zer esan behar nion, «isildu zaitez»? Gure entzumen-espazioa okupatzen zuen ahots hark. Solas tentel horrek utzi zidan arnasgune nano batean pentsatu nuen, metroko bagoietan ere egon behar zuela Bagoi Isilak. Tren batzuetan egoten da, eta zinez zoragarria da norberaren munduan sartu, irakurri edo sudoku bat egin, baina lasai eta alterazio barik egitea. Ez dakit nori eska diezaiokegun horrelako bagoi bat sortzea, errespetuzkoa; zuk kontaktuak badituzu, otoi, eska ezazu neure izenean ere.