Lau liburu denda behar izan ditut liburua eskuratzeko. Ahoz ahokoak poema liburua agortu du. Laugarrenean, gelditzen zitzaien azkena eskuratu dut. Alegia, arrakastatsua izan dela. Erosi eta (ia) atoan ekin nion irakurketari. «Oraindik ez zarete jabetu hondamendi egoera iraunkorrean bizitzea ez dela doakoa?». Irentsi egin dut liburua, edo liburuak irentsi nau, ez nago ziur.
Lodosako Kristina Pozo Sevillak Caterva (Trinchera argitaletxea) idatzi du. Poema sorta hunkigarri bezain urragarria. Egileak 6 eta 12 urte bitartean 65 urte zituen osabarengandik sexu abusuak jaso zituen. 24 urte bete zituen arte ez zuen gogoratu ezer, eta hortxe hasi zen aldapa gora. Osatze bidea malkartsua izan da. Arrailgarria. Liburua irakurtzea bera egiten da latza. «Ez dut beldurra akorduan, oraindik ere, beldur naizelako». Kristina Pozok ondo egituratu du liburua, norbanakoan hasi eta kolektiboan amaitzeko. Amorru, min, lotsa, beldur eta adorearekin idatzia du Kristina Pozok liburua. Isiltasuna apurtzeko kolpe bat da, erantzukizun kolektiboa eskatzen duena. Caterva liburuak, barrenean, oihartzun egiten du luzaroan. Abusuek zauri sakonak uzten dituzte ondorio lez: «Dispareunia, baginismoa, blokeoa, izozketa. Berdin da nire ondorio zehatza zein den esatea, guztiak eduki ahal izango bainituzke. Edozein».
Berdin da zer bizi izan duzun, berdin da ezagutzen ote duzun horrelako esperientziarik izan duenik; berdin da. Zu ere hortxe zaude, eta hitzen atzekoak min egiten dizute. Ez da erraza liburu hau irakurtzea, eta hala ere, jendeak agortu egin du lehendabiziko edizioa. Edozelan ere, lasai, irakurle estimatua, bigarren edizioa bidean dago.