Hedoi Etxarte

Kortxeteak

2025eko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriko azken igandea zen Barakaldon, eta, Iruñetik iritsi berri, metroko zulotik atera eta Zuberoa pasteldegiarekin egin nuen topo aurrena. Gosaritarako gurinezko opilak erosi nituen, eta beranduago La Palentina tabernan esan zidatenez, hura zen hiriko pasteldegirik onena. Kafea, ordea, herriko plazako Gaztelu tabernan hartu genuen.

Iñigo Astizek Bernardo Atxagari egindako elkarrizketa irakurri behar nuen, baina plaza inguruan ez nuen kioskorik ikusi, eta batari eta besteari galdezka «oso urruti» zegoen kiosko batera bidali ninduten, Mundo Revistara. «Oso urruti» hori lau minutu izan ziren; maite ditudan dentsitate handiko hirien kale bizietan barna, bi abesti etorri zitzaizkidan gogora Barakaldori lotuta, euskaldun berriaren Oskorriren balada eta 121 crew-ren Gora Baraka, behera Neguri, gerora Kilikik Bedeinkatuan aipatuko zuena.

Kioskora iristean, deigarria iruditu zitzaidan National Geographic berezi bat zutelako erakusleihoko argitalpen guztien artean: Karl Marxena. Barakaldoko toponimia mash up eder bat da, ohiko izen bizkaitarrak (Autonomia, Askatasuna, Batzar Nagusiak, Azkue, Euskadi) bestelako izenekin nahasten dira: Clara Campoamor, Ramon Rubial, Maiatzaren Lehena.

Plazara itzuli eta Atxagaren elkarrizketa irakurtzean, ordea, eta bereziki eskubaloiari buruz hitz egitean, jabetu nintzen, kortxeteak pieza horri ematen zionarekin: funtsezkoak ziren. Irakurtzean ikusi egiten zen elkarrizketa, entzuten ziren Atxagaren keinuak. Ez naiz mistika egiten ari. Txundituta geratu nintzen akotazio horiekin.

Biharamunean, ordea, ETB piztu eta Ludger Mees entzun nuen, ustez elkarrizketa bera irakurrita iritzia ematen. Posizio politikoa alde batera utzita (Frantzian ala Alemanian faxistak eta antifaxistak parekatzen dituzten bakarrak eskuin muturrekoak dira), tristea iruditu zitzaidan haren iruzkinen hutsaltasuna. Deigarria egin zitzaidan posizio akademiko horretako norbait desadostasuna hala adierazten, ideologiak zeharo kutsatuta bezala, 1936ko uztailaren aurreko EAJren aliantzek zeharo baldintzatuta bezala.

Iluntzean Atxagaren kortxeteetara itzuli nintzen. Bigarrenez irakurtzean, are bitxiagoak egin zitzaizkidan Meesen interpretazioak. Bazirudien Meesek Atxagaren hitzak interesgarri jotzeko harekin bat egin behar zuela guztian. Agian, egun beren burua moderatutzat dutenak dira, berez, eztabaidako gizaki monolitikoenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.