Irunberrin supermerkatu berria dago. Erretiroa hartutako lehengo supermerkatukoek lekukoa eman diote bertako bikote bati, eta supermerkatua zabaldu dute. Hauspoa emango die herritarrei, Kale Nagusiko harategia ere zarratu baitute. Zangoza aldean dago Irunberri eta mila eta gutxi biztanle ditu. Ganbara taldeak abesten zuen kantuaren atmosfera erromantikotik urrun dago. Ni bizi izan naizen tokietan beti egon da: okindegia, supermerkatuak, botika, harategia, tabernak, arrandegia... Hala ere, badakit zer den hozkailu erraldoia, okina, arrain eta fruta saltzaileak etxeko atera heltzea, eta, parazetamol barik egon eta autoa hartu behar izatea botikara joateko. Ezberdina da, zalantzarik gabe.
Sorbonako Unibertsitateko irakasle eta hirigintzan aditu den Carlos Morenoren hamabost minutuko hiria eta husten ari diren herrien egoera oso ezberdinak dira. Carlos Morenoren proposamena, klima krisiari aurre egiteko, oso interesgarria da. Morenok hiri barruan herrixkak proposatzen ditu, bizigarri izateko ezinbestekoak diren elementuak izango dituzten auzoak. Eskolak, lantokiak, etxebizitzak, botikak, komertzioa, berdeguneak eta basotxoak, tabernak, liburutegiak, eta supermerkatuak, noski. Hori dena, hamabost minutuko erradioan oinez egiteko. Husten ari garen/zaizkigun herriekin gogoratu naiz Irunberriko supermerkatuarena entzuterakoan. Eta, atoan, eraikitzen ari diren auzo berrietara joan zait burua. Eskolarik, basotxorik, lantokirik, liburutegirik, komertziorik ba al dute? Etxebizitzak bai, nahi beste. Husten ari diren herrietan ere nahi beste etxebizitza dago, baina bizitza egiteko erraztasunak, urrun. Eta zoragarria da han asteburu-pasa ederra egitea, elurretan edo uretan denbora emateko, baina eguneroko bizitza beste kontu bat da. Carlos Morenok ere ikusi du, eta horregatik ordu erdiko lurraldea kontzeptua dauka orain buruan. Hiri populazioa nasaitu, eta herrietan ere bizitzeko aukera izan dezagun. Kronohirigintza deitu dio. Baina betikoa, denak gure bizimodua erabat aldatzearekin du zerikusia.