Misterioak gogoko? Akitaniera garaiari (K.o. I-III. mendeak) dagokion ia guztia misterioa da. Alta, badira batzuk besteak baino misterioz beteagoak eta, nire iritzian, Lacubegi litzateke beteenetakoa, Patxi Salaberri Zaratiegik eta Luis Mari Zalduak diotena irakurri eta gero (Mikel Burguiren bloga ere ezinbesteko).
Lacubegi baskoien jainko edo jainkosa baten izena da, non eta Salaberriren sorterrian, Uxuen, aurkitua. Coelii Telesphoros et Festa et Telesinus Lacubegi ex voto dio idazkunak, hots, Kelio Telesforok eta Festak eta Telesinok «Lakubegiri» eskainia da aldare-harria: hari eskatutako mesedearen trukean egindakoa dela esan nahi du ex voto-k.
Udalerriko herri hustu batean agertu zen, Zurian, Andra Mariaren baselizan, lehengo kokalekutik atera eta horman-edo paratua. Non ipini zuten Kelio Telesforok eta konpainiak? Ezin jakin, baselizan jarri edo berrerabili zuenak —nornahi eta noiznahi ere den— idazkunaren testuingurua galarazi baitzigun. Alabaina, baliteke urruti ez izatea.
Lacubegi-k berak asko du misteriotik, ea laku + begi ote den, ala laku + behi (aldarearen alboetan zezen edo behi buru bana dago), ala *lakubeg (-bex?) + ‑i hirugarren deklinabideko datibo-marka latinez (‘hari’), ala -(h)i jainko-izenetako atzizkitzakoa? (cf. Larrahi Nafarroan berean).
Misteriorik misteriotsuena, ordea, argiena dirudien Laku-ri dagokio. Bai, egiantzekoa da gure laku bera izatea, noski, baina Uxuen bertan bada Laku deritzan leku bat, ez dena lakua, tarteka urmaela sortzen zaion lurra baizik (Gasteizko Lakua izena ulertzeko ere baliagarri, nonbait). Salaberrik uste du horixe litekeela baskoiek mailegatu zutenean eman zioketen adiera.
Bada, gaur egun Laku izeneko lekuan badago Lakubeli izeneko beste leku bat, antz handia duena antzinako idazkunak jasotako Lacubegi-rekin; handiegia akaso. Ba ote uxuetarrek baselizaren horman irakurri eta hortixek hartzea gaurko lekuek izena? Ala jainko edo jainkosa horren halako aztarna bat bi mila urtez gordetzeko gauza izan dira?