Blanca Urgell

Lauburua dela eta

2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Duela astebete amona Francisca agertu zitzaidan. Hain gutxi, hain azaletik ezagutu nuen amona katalana, neu nerabezarora ere heldu gabe gure aitak galdu zuen urrutiko ama maite hura. Orduan ez nekien, baina heriotza zekarren agerpen hark gure sendira. Tanatoriotik hilerrira eta hilerritik elizara nabilen honetan pentsatu dut gaur lauburua eskegi behar dudala lepotik, osaba Luisek tesia aurkeztu nuenean oparitutakoa.

Jaurlaritzan egon nintzenean behin behintzat lepotik zintzilik eraman nuen, agerian, eta norbaitek kontuak eskatu zizkidan, ea nolatan nerabilen nazionalisten ikurra. Zer? esan nion neuk: hori ez da haien ikurra bakarrik. Haiena izango da gainerako euskaldunok, gainerako euskal herritarrok abandonatzen badugu, batzuek egin duten bezala.

Egia da tartean istorioak daudela, eta Historia dagoela. Labur bildurik, Francoren errepresioa jar dezakegu alde batean, eta ETAren erailketak bestean. Bi-biek sortu bide dute, onerako zein txarrerako, hala identifikazioa nola desafekzioa.

Wikipediak ondo dioenez, lauburu hitza ziurrenik Larramendik sortua da. Ez nolanahi, latinezko labarum hitzari euskal etimologia eman beharrez baizik. Zeren eta labarum Erroma garaiko kantabriarren estandarte militarra baitzen eta, jakina, erromatarren aurka ausarki borrokatu ziren kantabriar haiek euren arbasoak zirela uste baitzuten Larramendi bezalako euskaldunek XVIII. mendean oraindik.

Euskaldun izateko modu asko daude. Abertzale izateko ere bai. Neuk gaur lauburua jantziko dut osaba Luisen omenez. Berak badaki, izebak badaki, eta neuk badakit.

Duela astebete amona Francisca agertu zitzaidan. Ispiluan zegoen, eta egiatan neure aurpegia zen han islatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.