Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Literatura eta kazetaritza

2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Literaturak kazetaritza salbatuko omen du. Kazetaritzaren krisi sakona, egunkarietan bederen, idazleek idatzitakoek salbatuko dute, leitu berri dudan artikuluak adierazten duenez. Irmoagoa da testua: zenbat eta idazle gehiago hedabidean orduan eta salbatzeko aukera handiagoa. Barre egin dut. Esku artean irakurtzen ari naizen literatura-lanak (eta bere egileak) kazetaritza salbatu behar badu, jai daukagu. Baina barrea izoztu egin zait, tupustean, eta Julio Cortazarrek esan zituenak akordura etorri zaizkit: liburuak dira oraindik lasai egon gaitezkeen etxeko eremu bakarrak. Salbazioaz ari zen?

Literatura eta kazetaritza bereizten jarraitzen dute, eta maiz tematzen dira horretan; nik, ordea, inoiz ez ditut bereizita ikusi. Beti pentsatu dut kontatzeko modu ezberdinak direla. Fikzioa eta errealitatea etengabe uztartzen eta erabiltzen dituzten bideak dira niretzat. Errealitateari lotzen diote kazetaritza, eta fikzioari literatura. Denborak erakutsi digu kazetaritza fikziorik sinesgarriena izan litekeela, eta literatura, aldiz, fikziorik errealistena. Are gehiago, gaur egun egiten den literaturak eta kazetaritzak erakutsi digute biak lotuta ager litezkeela edozein testutan. Ryszard Kapuscinski zer zen, kazetaria ala idazlea? Zinikoek kazetaritza ofiziorako ez zutela balio zioen bere lan batean; tira, berak kazetaritzaren ikuspegi utopikoa zuela iruditu izan zait beti, eta, agian, kazetaritza mota batez ari zen eta ez orokorrean.

Ez dakit zerk salbatuko duen kazetaritza, ez dakit literatura izango ote den. Iruditzen zait beti egongo dela kontatzeko beharra, gizakiaren baitako oinarrizko beharrizana delako; kontatzea eta kontatutakoa jasotzea. Irakurtzen dugunak betetzen ez gaitu ere. Eta orain akabukoa emango diot esku artean dudan literatura-lanari, Cortazarren etxeko eremu patxadatsuagoetan sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA