Maider Galardi

Lolololo

2025eko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Begira nola den gauza. Laurogeita hamar minutugatik —edo asko jota 140gatik— aste osoan hankaz gora egongo dira Bilbo eta inguruak. Gehienez zelairatuko diren hogeita hamabi gizon jokalarigatik, hainbat tipok istiluak eragin dituzte Donostiako Parte Zaharrean. Egun bakarragatik, inoizko hegazkin pribatu gehien ailegatu dira Loiura, eta gau bakarragatik pisu turistikoak —legezkoak eta ilegalak— areagotu eta hoteletako prezioak igoko dira neurrigabe. «Salbuespenagatik», Poliziak hilabeteak daramatza «entrenatzen», eta indarkeria erabiltzen, Jaurlaritzaren babes osoarekin. Begira nola den gauza, futbol partida batengatik bizigaitzak bihurtu dira gure kaleak.

Esajeratu bat naizela esango duzue, feminazi antifutbola. Oker zaudete, gustatzen zait hamaika hamaikaren aurkakoa. Zazpi urtez aritu ginen lagunak zelai handian jokatzen. Ondoren ere segitu dugu lehen maila, baina jakina, ez da gauza bera emakumeen futbolak ala gizonezkoenak sortzen duena. Eta ez naiz diruaz bakarrik ari, kalearen eta zelaiaren okupazioaz ere ari naiz. Aitortu behar dut Manchester United eta Tottenham urruti gelditzen zaizkidala, ez hala partidak sortu dituen ondorioak. Benetan uste al dugu bateragarriak direla Europa ligako finala eta haurrak eskolara joatea, umeak parkean jolastea, lanera joatea, lagunekin zerbait lasai eta dagokion prezioan hartzea, hiritik beste norabait nahi duzunean mugitzea, hirian bertan nahi duzun tokira mugitzea, eta finean mozkortzera, hiria txikitzera eta izkinetan txiza egitera datozen horienak baino zureagoak diren kaleetan bizitza egitea? Etxera bidean pelotazoei izkin egite hori berriro normalizatu behar al dugu? Ikusi ditut argazkiak, eta kostatzen zait bizar eta bizkar handi horien artean gizon zisak ez diren bestelako gorputzak ikustea. 

Datorren urtean da Munduko Txapelketa, eta Eneko Goiak esan zuen partidak bertan jokatzearen aurka geundenok ezaren klubekoak ginela. Ez dakit nor ari den errealitatea ukatzen. Eta Tottenhamen eta Israelen arteko ustezko harremanaz zer esan? Ba, okerrena dela futbolaz ari garela beste behin, Palestinako genozidioa eteteko presioa egin beharrean.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.